Erasotuak diren emakumeei arreta koordinatua emateko protokoloa osatzen ari dira Tolosan

Imanol Garcia Landa 2012ko urriaren 30a

Genero indarkeria eta sexu erasoen biktima diren emakumeei ematen zaien arretaren hobekuntzan protokolo bat osatzen ari dira Tolosan, eta horren berri eman dute agerraldi batean. Ekimen horretan hainbat eragilek parte hartu dute: udaltzaingoa, Ertzaintza, Osakidetza, legegileak, Gipuzkoako Foru Aldundiko larrialdi zerbitzuetako ordezkaria, Bilgune Feminista, indarkeria jasandako emakumeak, udaleko Berdintasun saila eta Gizarte Zerbitzuetakoak. Guztiak ari dira protokoloa gauzatzeko lan taldean parte hartzen, Sortzen aholkularitzak dinamizatuta. Agerraldian erakunde horietako ordezkariak izan dira.

Sortzen aholkularitzako Norma Vazquez ari da lan taldea koordinatzen. "Protokoloa genero indarkeria eta sexu erasoen aurrean ematen diren erantzunaren antolakuntza da", azaldu du Vazquezek. "Protokoloa ez da egoera honen irtenbidea, baina pauso garrantzitsua da biktima diren emakumeek ez dezaten bigarren mailako biktimizazio bat jasan koordinatu gabeko zerbitzuetara jotzen dutenean laguntza bila, eta ez dezaten bere historia errepikatu zerbitzu bakoitzean".

Koordinazioa nola arindu daitekeen garatu dute lan taldean, Vazquezek esan duenez, eta horrez gain "beste zer ekimen egin daitezkeen, ez bakarrik lege arloan edo asistentziaren arloan, baita gizarte mailan ere jendea sentsibilizatzeko emakumeen eskubideen inguruan eta baliabideek izan ditzaketen mugak". Vazquezek nabarmendu duenez, "oso garrantzitsua da indarkeria antzematea eta salatzea, bai bikote mailan bai beste arloetan ere".

Lan taldeak egin dituen tailerretan eragileak elkar ezagutu dira, bere eragiteko moduak eta zalantzak elkarbanatu dituzte, zer baliabide dauden eta zeintzuk ez dauden aztertu dute, eta baita hauen mugak ere, eta hori guztia komunean jarri da protokoloa osatzeko. "Lanaren lehenengo partea bukatu dugu, hau da, prozesu guzti hauek elkarbanatzea", zehaztu du Vazquezek. "Aurrera begira beste pauso batzuk egin behar ditugu, hau da, antolatzea, idaztea, eztabaidatzea eta horren ondoren protokoloaren parte diren erakunde guztiei banatzea. Konpromisoetako bat da erakunde guzti horietako kideek protokoloa ezagutzea, eta herritarrei ere bideratzea, indarkeria jasaten duen emakume batekin harremanetan dagoen orok jakin dezan zein neurritan dagoen erantzun koordinatu bat erakundeetan". Protokoloa datorren urteren hasierako osatuta egotea espero dute.

Ibai Iriarte alkateak azaldu duenez, "gero jarraipena egin eta eten gabeko ebaluazioa egin behar da, eguneroko lanketak erakutsiko digulako zer hobetu behar den". Iriartek gaineratu duenez, "udal honetan sartu ginenean lehentasunezko gai bat zela esan genuen eta horretan jarraitzen dugu. Behin baino gehiago esan dugu, herritarren erdia bigarren mailakoa izatea ez da bidezkoa. Beraz, egiturazko aldaketak eman behar dira, eta kasu honetan, administrazioen arteko elkarreraginak hobetu behar dira erasoak jasaten dituzten emakume hauei ahalik eta arreta hoberena, gertukoena eta koordinatua emateko".

Udalak bultzatuta beste mahai batzuk eta beste lanketa batzuk egiten ari direla generoari dagokionean esan du Iriartek: "Hor dago orain gutxi aurkeztu dugun hezkidetza mahaia. Bertan haurrekin baloreetan, oinarrietan, lan egin nahi da. Sentsibilizazio kanpainak ere bultzatzen ditugu eta Beldur Barik hor izango genuke, edo urtean zehar dauden egun ezberdinetan egiten diren ekintzak, martxoaren 8an eta azaroaren 25ean, esaterako". Protokoloa azkeneko puntua izango litzatekeela esan du Iriartek: "Erasotua izan den emakume horri ahal den arreta egokiena eskaintzea". Iriartek agerraldian izan diren guztien parte hartzea eskertu du, eta bereziki zoriondu ditu emakumeen taldeak eta mugimendu feminista: "Egun administrazioetan eta udaletan inoiz baino gehiago hitz egiten da genero politikaz, eta hau isilean mugimendu feministak urteetan egin duen borrokari esker da; agenda politikoan gai hau sartzea lortu dute". Iriartek gaineratu duenez, protokoloaren helburua "arreta integral bat lortzea" da eta hori posible izango da "denak batera egiten badugu".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!