Gipuzkoako pentsiodunen topaketak arrakasta handia izan du Tolosan

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urriaren 30a

Harizpe elkartearen 25. urteurrera medio, eurek antolatu dute aurten ibilaldia; 550 lagun inguru elkartu dira

Eguraldia lagun zutela, arrakasta izan zuen, pasa den igandean Tolosan ospatu zuten Gipuzkoako pentsiodunen ibilaldiak. Herrialdeko pentsiodunak elkar ezagutu eta jai egun bat elkarrekin pasatzeko helburuz antolatzen du martxa, urtero, pentsiodunen elkarte batek.

Tolosako Harizpe jubilatu elkartearena izan da, aurten, martxa antolatzearen ardura. 25 urte bete ditu aurten elkarteak, eta aurrez aste osorako antolatu zituzten jarduerak borobiltzeko bidea izan da ibilaldiarena.

Angel Martinezek, Harizpe elkarteko lehendakariak «balorazio ona» egin du: «Eguraldia lagun izan genuen, eta guztia normaltasun osoz atera zitzaigun, espero bezala».

Horrela beraz, pasa den asteko aurkezpenean zehaztutako ibilbidea burutu zuten, 544 pentsiodunek; Trianguloa plazatik abiatuta, bide lauetan barrena ibili ziren, eta Amarozko aldaparen zailtasuna erraz gainditu zuten betaratutako 136 patruiletako kideek.

Parte hartzaile guztiek, beraz, ibilbidea osatu zuten, eta ez zen ezbehar larririk suertatu, Martinezek azaldu duenez: «Bi lagun artatu zituzten, baina ez zen ezer larria izan, eta gero bazkaltzera ere etorri ziren».

Lagunarteaz gozatuz

Zortzi kilometro inguruko ibilbidea amaitu eta gero, Zerkausian egin zuten bazkari legea.

550 parte hartzaileez gain, Ibai Iriarte Tolosako alkatea ere eurekin izan zen egun osoan zehar, eta bazkari amaieran oroigarriak banatu zituzten, Angel Martinezek azaldu duenez.

Besteak beste, Harizpe jubilatu elkarteko lau parte hartzaile helduenak saritu nahi izan zituen elkarteak; bi emakumek eta bi gizonek jaso zuten oparia alkatearen eskutik, horrela. Modu honetara, iluntzeko 19:00ak arte luzatu zen bazkalondoko jai giroa Zerkausian, Iñigo Perurena musikariaren eskutik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!