«Merkatariontzat ez dago atsegina zarela esatea baino handiagorik»

tolosa 2012ko urriaren 30a

[/caption]

Lehen aldiz Tolosako urteko merkatari atseginena herritarren edo bezeroen botoek erabaki dute. Ia 6.000 bozka jaso dituzte, eta Berdura plazako Kiara bitxitegiko Pedro Tolosa izan da gehien errepikatu den izena. Pozik dago aitorpenarekin, eta bere aldeko botoa eman duten guztiak eskertu ditu.

Nola sentitzen zara sari hau jasotzean?

Oso gustura nago. Nire ustez merkatari batentzat ez dago sari handiagorik, eta horregatik, nire aldeko bozka eman duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. Lagun batek utzi zidan liburu batean irakurri nuen esaerak zera zioen, «denda bat baduzu ikas ezazu irribarre egiten». Horixe da kontua, dendaria bazara jatorra eta atsegina izan behar duzu, derrigor.

Nolakoa behar du izan Tolosa bezalako herri bateko dendariak?

Herrietako merkataritzak bi ezaugarri ditu. Bata gertukotasuna da, eta bestea atsegina izatea.  Ez duzu urrutira joan beharrik, edozer dela behar duzuna, topatu ahalko duzu herrian bertan. Hortik aurrera, bezeroak erabakiko du zure dendara joan nahi duen ala ez, ematen diozun tratuaren arabera. Zerbitzua ematen badiozu, baina tratua edo jokaera ez bada oso atsegina ez da joango.   Hori dela eta, atsegina zarela esatea, niretzat oso garrantzitsua da.

Merkatarien familia da zurea.

Dendarien seme eta iloba naiz, beraz, eurengatik ikasi dudala esan dezaket. Sari edo aitorpen honek lan ona egiten ari naizela adierazteaz gain, eurengatik ondo ikasi nuela ere esan nahi du.

Espero al zenuen herritarrek zu aukeratzea?

Ez. Hasiera batean, gainera, ez nuen sarirako aurkeztea ere pentsatzen, merkatarien elkarteko lehendakari izandakoa naizelako. Baina, gero hobeto pentsatu nuen, eta aurkeztea erabaki nuen. Galan bertan nire argazkia erakutsi zutenean, ez nuen ezagutu, beraz, pentsa zer nolakoa ezustea izan zen.

Zer du Tolosako merkataritzak hain berezia izateko?

Tolosak duen biztanleko komertzio kopurua Europako altuenen artean dago. Aniztasun handia dugu. Tolosarra bazara, bertan dugun merkataritzak ez duela ezer berezirik pentsa dezakezu, baina kanpotik etortzen direnak harrituta geratzen dira hainbeste denda eta aniztasun ikustean.  Kalitatezko denda ugari ditugu. Merkatal gune handi baten modukoa da Tolosa.

Zergatik da onuragarria tolosarrek Tolosan bertan egitea euren erosketak?

Batetik, denetarik dugulako. Bestetik, bereziki bizi ditugun garai zailetan batak besteari laguntzea beharrezkoa da. Merkatal gune handietan erosten baduzu, ez dakizu zure dirua nora doan, baina, aldiz, herrian erosten baduzu, merkataritza bizirik mantentzeko laguntzen ari zara. Kontuan izan, Tolosak 18.000 biztanle dituela, eta horietatik 1.500 inguru bizi dira merkataritzatik.

Zein da gaur egungo Tolosako merkataritzaren egoera?

Garai hobeak izan ditugula ez dago zalantzarik. Badira herritarrak erosi ezin dutenak, eta erosi ahal dutenek beldurra dute ikusten duten egoerarengatik, eta entzuten dutenarengatik. Bestalde, ezin esan daiteke krisiarengatik denda asko itxi direnik. Itxi dira, baina ez kopuru oso handian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!