Mus txapelketarekin hasiko dira gaur Olarrain auzoko festak

tolosa 2012ko urriaren 26a

Tolosako Olarrain auzoan festak antolatu dituzte gaur hasi eta igandera arte.  Gaur , 22:00etan, mus txapelketa izango dute auzoko elkartean. Bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko du izena ematerakoan. Sariak ondorengoak izango dira: lehenengoarentzat, arkume bat eta bi cava botila; bigarrengoarentzat, bi oilasko eta bi cava botila; eta hirugarrenarentzat, bi untxi eta bi cava botila.

Bihar, larunbata, herri afaria izango dute, 21:00etan hasita. Igandea izango da jaietako egun nagusia. Abraham Olano lagunarteak antolatuta, XXIV. Mendi Bizikleta Martxa egingo dute. 09:30ean hasiko da, eta 08:00etatik 09:00etara eman daiteke izena auzoko elkartean. 14 urtetik gorakoek eman dezakete izena. Probaren amaieran, parte hartzaileen artean opariak zozkatuko dira. Mendi martxan anoa gunea, medikua, laguntza mekanikoa eta dutxatzeko aukera izango da.  12:00ak aldera, hamaiketakoa izango da eta haurrentzako ere jolasak antolatuko dituzte. 14:30ean izango da herri bazkaria, eta giroa bertsolariek eta trikitilariek alaituko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!