Atzerritarren eta bertakoen arteko harreman sareak sortzeko helburuz, Europan aspalditik egiten duten Bizilagunak egitasmoa martxan jarriko dute Tolosan eta Gipuzkoa osoan, datorren azaroaren 18an. Mahaiaren bueltan bazkaltzeko elkartuko dira parte hartzen duten familiak.
Munduko kultura gehienetan janariak eta mahai inguruan elkartzeak berebiziko garrantzia duela eta, integrazioa sustatzeko bide egokia iruditu zaie antolatzaileei: «Aldamenean gaude, baina ez gara erlazionatzen, askotan ez dakigulako nola egin, zein lekutan,...» azaldu zuen SOS Arrazakeriako Anaitze Agirrek.
Horrela beraz, Tolosan jada hainbat familiak izena eman dute egitasmoan parte hartzeko. Agirrek argi utzi zuen, «era eta sexu guztietako familiek» parte har dezaketela: «Familia batek edo norbanako batek parte har dezake. Eta familia esaten dugunean, zentzurik zabalenean ari gara, era eta sexu guztietakoek parte har baitezakete». Horrela beraz, ama ezkongabeak, emakume bikoteak, gizonezkoenak, gizon-emakumeen bikoteak, seme-alabekin edo gabe bizi diren bikoteak, aiton-amonak eta abar luze bat aipatu zituen SOS Arrazakeriako ordezkariak.
Bada, ordea, kultur aniztasunari bultzada emango dion proiektu honetan parte hartzeko bestelako modurik: dinamizatzaile gisa. Dinamizatzaile izan nahi duenari, bi familia esleituko dizkiote; bertakoa bata eta atzerritarra bestea. Bere ardura izango da familia bakoitzarekin bazkariaren aurretik harremanetan jartzea, eta bazkariaren egunean aurkezpen lanak egingo ditu; lehen kontaktua erraztuko du, beraz, dinamizatzaileak.
Elkar ezagutzeko bide berriak
Gipuzkoan 112 nazionalitate baino gehiagotako jendea bizi da, eta ondorioz, 100 hizkuntza inguru hitz egiten dira. «Mundua gure etxe atarian dago, eta ez dugu ezagutzen», azaldu zuen Tolosaldea Garatzeneko migrazio teknikari Kristina Moralesek.
Horrela beraz, eta norberaren etxeko ateak irekitzearena «oso sinbolikoa» denez, azaroaren 18a egun berezia izango da. «Oso interesgarria da, askotan kulturen arteko desberdintasunez gehiago hitz egiten baitugu, batzen gaituenaz baino. Gainera, kanpoko tradizio eta kulturak ezagutzeko bidaiatzeko joera dugu, eta ez gara jabetzen eskualdean bertan dugun aniztasunaz», nabarmendu zuen Kristina Morales Migrazio teknikariak
Mahaiaren inguruan elkartzearen egitasmoa ez dute Tolosan bakarrik egingo; datorren azaroaren 18an, 14:00etan, Europako beste zortzi herrialdetan ere gauza bera egiten ariko dira hainbat familia.
Bizilagunak proiektua Pragan (Txekiar Errepublika) antolatu zuten lehenengoz, 2004. urtean. eta hasiera batean jarritako helburuak ongi bete dituzte, bazkarietan sortutako harremanen erdiak sendotu egin baitira. Pragako proiektuaren arrakasta ikusita, beraz, Txekiar Errepublikan bertan, Belgikan, Hungarian, Italian, Maltan, Eslovakian, Espainian eta Euskal Herrian aldi berean gauza bera egingo dute, ingelesez Next Door Family (alboko ateko familia) deritzon egitasmoan.
Proiektuan parte hartu nahi duen edonor garaiz da oraindik, eta bi bide erabil ditzake. Batetik, 943 32 18 11 telefonora dei daiteke, eta, bestetik, info@mugak.org helbide elektronikora ere idatz daiteke. Azkenik, www.nextdoorfamily.eu helbidean ere informazioa izango da eskuragarri.