600 pentsiodunen biltoki izango da Tolosa, igandean

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urriaren 24a

Urtero antolatzen du, Gipuzkoaok Pentsiodunen Elkarteak, adineko pertsonen ibilaldia; aurten Tolosan izango da, igandean bertan. 10:00etan elkartuko dira Gipuzkoa osotik etorritako pentsiodunak Trianguloan, eta gero hasiko dute ibilbidea.

[/caption]

Ibilaldiak amaiera emango die, Tolosako Harizpe Erretirodunen Elkartearen 25. urteurrena ospatzeko jarduerei. Izan ere, aste osoan zeharrerako hainbat jarduera antolatu dituzte Tolosako pentsiodunek. Donostiara txangoa egin dute jada; Gesaltza Añanara (Araba) eta Gasteizera egun pasa egingo dute, hiriko katedral berria bisitatuz; lehiaketa gastronomikoak antolatu dituzte, eta baita mus txapelketak eta antzekoak ere.

Igandeko ibilaldiaren aurkezpenean, Harizpe erretirodunen elkarteko lehendakaria Angel Martinez eta Gipuzkoako Pentsiodunen elkarteko lehendakaria Jose Riviere izan ziren, eta eurekin batera, Ibai Iriarte alkatea ere bertan izan zen; pentsiodunekin batera parte hartuko du azken honek ere.

Antolatzaileek, «hirugarren adina bizirik dagoela» ikusarazi nahi dute, eta urtean zehar lan handia egiten dutela hamaika harduera antolatuz, eta herrien arteko harremana sustatuz.

Gipuzkoako Pentsiodunen Elkarteak antolatuko duen 22. martxa izango da igandekoa, eta arduradunek azaldu dutenez, 37.000 pentsiodun dira, guztira, Gipuzkoan: «Argi dago guztiok ezin dugula etorri, eta eskualde bakoitzeko ordezkari batzuk izango gara Tolosan». Guztira, beraz, 600 lagun espero dituzte Harizpeko ordezkariek. Arduradunek azaldu dutenez, ahalik eta ibilbiderik lauena osatzen saiatu dira, eta zatirik zailena Amarotz auzotik San Blasera igoera izango da. Horrela, beraz, hauxe izango da zortzi kilometro inguruko zirkuitoa: Trianguloa plaza- San Frantzisko pasealekua- Iurreko zubi berria- Iurreamendi pasealekua- Usabal kiroldegia- Usabalgo industrigunea- Amarotz auzoa- San Blas- Izaskun auzoa- Zabalarreta- Igarondo- Zumardiaundia- Zumardi Txikia- Arramele- Larramendi auzoa- Arkaute- Gorriti plaza- Pablo Gorosabel kalea- Euskal Herria plaza- Uzturre zentroa eta San Frantzisko pasealekua. Egindako lanaren ostean bazkaria egingo dute Zerkausian.

Gainera, Jose Riviere Gipuzkoako Pentsiodunen Elkarteko lehendakariak, argi utzi nahi izan du «ibilaldi hau ez dela lehia bat, eta ibilbideaz gozatu behar da». Honen harira, kontrol guneak parte hartzaile kopurua kontrolpean izateko jartzen dituztela argitu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!