'Goxua' tarta izango da Tolosako Goxua azokaren protagonista

Imanol Garcia Landa 2012ko urriaren 23a

Aurtengo Tolosa Goxua azoka aurkeztu dute gozogile artisau tolosarrek eta Hasier De los Rios zinegotziak. Donostiako La Perla jatetxean eman dute azokaren berri eta bertan izan da ere aurtengo gonbidatu berezia: Luis Mari Lopez de Sosoaga, Gasteizko Sosoaga gozotegikoa. Izan ere, gozotegi horretako goxua tarta izango da aurtengo protagonista. Tolosako bost gozogile artisauek lau mila goxua banatuko dituzte. Azoka hilaren 27an izango da, Trianguloa plazan.

Lopez de Sosoagaz eta Hasier De los Rios gain, prentsaurrekoan Tolosako bost artisau gozotegiko ordezkariak izan dira: Eceiza, Gorosti, Gorrotxategi, Gozona-Ibañez eta Saizar. Bakoitzak bere ohiko produktuak jarriko ditu salgai azokan eta zenbait berritasun ere izango dira. Horrez gain, Tolosako txurreriak 2016 txurro banatuko ditu azoka egunean. 18 postu izango dira, guztiak artisau gozotegiek jarritakoak. Bestalde, sagar tarta herri lehiaketa egingo da. Edozeinek hartu dezake parte eta 10:00etatik 11:00etara lehiakideek euren tartak Trianguloa plazara eraman beharko dituzte azokaren egunean bertan. Elena Arzak, Lourdes Rekondo, Jose Mari Gorrotxategi eta Luis Mari Lopez de Sosoaga izango dira epaileak. Sari banaketa 12:30ean izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!