Datorren azaroaren 1ean hasiko da 44. Tolosako Abesbatza Lehiaketa, eta krisiak markatuko du aurtengoa; haur abesbatzen lehiaketarik ez da izango, Tolosako Ekinbide Etxeko antolatzaileek ezin izan baitiote aurre egin gastuari.
Pasa den ostiralean egindako aurkezpenean, Ana Arretxe TEEko lehendakariak, gaztetxoenen saioa lehiaketatik kentzearena «oso erabaki gogorra» izan dela azpimarratu zuen: «Gainera, arrakastarik handiena duen saioa izaten da urtero, eta triste gaude honegatik».
Arretxerekin batera, Kutxa Gizarte Ekintzen ordezkari Xabier Mendarte, Tolosako alkate Ibai Iriarte, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua Blanca Urgell eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Diputatua den Ikerne Badiola izan ziren agerraldian.
Ana Arretxek, diru laguntzen jaitsierak lehiaketaren antolaketa baldintzatu duela azaldu zuen: «%28 jaitsi dira diru laguntzak, eta haurren lehiaketa ezin izan dugu aurrera eraman». Hala ere, datorren urtean ahal den guztia egingo dutela azaldu zuen, berriro ere haurren saila berreskuratzeko; batetik, arrakasta izaten du, eta bestetik, antolatzaileentzat berebiziko garrantzia dute haurren abesbatzek, «etorkizuna direlako».
Bide beretik, eta urte asko eta gero lehen aldiz, sarrera eta bonuen prezioa ere igo egin behar izan dute antolatzaileek. Horrela beraz, helduek 12 euro ordaindu beharko dute saio bakoitzeko sarrera, eta haurrek 5 euro; amaierako saiorako sarrerak, berriz, 16 eta 9 euro ordaindu behar dira, hurrenez hurren. Tolosako Ekinbide Etxean, Kutxanet-en plataformetan nahiz Leidorreko lehiatilan salgai izango dira.
Lehiaketako saioak datorren astean izango diren arren, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatuta, abesbatzen topaketa izan zen pasa den larunbatean. Lehiaketaren atarikoa izan zen San Frantzisko elizako kontzertua, eta era berean, Gipuzkoako abesbatzen arteko harremanak sustatzeko helburuz prestatu zuten emanaldia. Horrela beraz, Tolosako Hodeiertz, Irungo Ametsa eta Zumaiako San Pedro abesbatzak aritu ziren kantuan, Gorka Aierberen gidaritzapean.
Azaroaren 1etik aurrera, guztira, 12 herrialdetako abeslariak izango dira Tolosan, Indonesiatik, Erresuma Batutik, Filipinetatik, Venezuelatik, Letoniatik, Irlandatik, Esloveniatik, Ukraniatik, Frantziatik, Finlandiatik, Alemaniatik eta AEBetatik etorriak, hain zuzen.
Horrela, hamalau abesbatzak parte hartuko dute lehiaketako sailetan; zazpi ahots nahasien taldeak izango dira, eta hamar ahots taldeak.
Ohi bezala, musika sakratua eta profanoari dagozkion saioak Santa Klara komentuko elizan izango dira, eta folklorean eta polifonian ariko diren abesbatzek, berriz, Leidorreko oholtza izango dute lanerako leku.
Nazioarteko epaileak
Haur eta gaztetxoen lehiaketa egin ezin izan den arren, TEEk ez du Tolosako Abesbatza Lehiaketako abesbatzen maila aldatu.
Hauen lana epaitzeko, beraz, musikaren esparruko, eta, bereziki, abesbatzen munduko nazioarteko profesionalak bildu dituzte aurten ere. Brady Allred estatubatuarra, Lorenzo Donati Italiarra, Naomi Faran israeldarra, Robert Sund suediarra, Victor Smirnov errusiarra eta Fritz ter Wey alemaniarra izango dira, beraz, epamahaikideak, Javier Busto hondarribitarra epaimahaiko lehendakari dutela.
Beste askoren artean, antolatzaileek behartutako obrak prestatu beharko dituzte abesbatza parte hartzaileek. Horrela beraz, Lorenzo Ondarra zendu berriaren Pater Noster izango dute obra behartua musika sakratuan nahiz profanoan. Folklore eta polifonia sailetan, berriz, Javi Bustoren Euskal jokoak lana interpretatu beharko dute.
Aurtengo abesbatza lehiaketako kartelari dagokionez, berriz, aipatzekoa da Iñaki Epelde tolosarra izan dela egilea.
Kultura bizirik duen herria
Abesbatza lehiaketako aurkezpenean parte hartu zuten ordezkari guztiek bat egin zuten, Tolosako kulturaren bizitasuna nabarmentzean.
Horrela, Ikerne Badiolak abesbatza lehiaketak Tolosatik kanpo duen oihartzuna izan zuen hizpide: «TEEren kultur eraginkortasuna handia izan da, eta 1969an hasitako bide hura, erreferentzia bilakatu da Gipuzkoan, Euskal Herrian eta atzerrian». Izan ere, lehiaketarako bidaia probestuz, abesbatzek hainbat emanaldi eskaintzen dituzte Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan, Araban nahiz Kantabrian barrena.
Bide berari eutsi zion Blanca Urgell kultura sailburuak, abesbatza lehiaketaren 44 urteak goraipatuz: «Ez da erraza kultur giro hau edonon aurkitzea, eta Tolosak eredu izan behar du. Gainera, nazioarteko etiketa hori izatea ere ez da erraza eta garrantzitsua izango da, Tolosako Abesbatza Lehiaketa, Donostia 2016ko zutabeetako bat izatea».
Azkenik, Ibai Iriarte alkateak, lehiaketaren nazioartekotasuna nabarmendu zuen, kulturen arteko uztartzeari begira: «Hizkuntza, kultura nahiz tradizio desberdinak hemen izango dira, eta musikak bidezidor berera eramango gaitu». Horrela beraz, eta 44. urtemuga azpimarratuz, eskerrak eman zizkien antolatzaileei.
Egitaraua
Azaroak 1, Osteguna
11:30. Santa Klara Elizan erlijio musikaren sailean abesbatza lehiaketan parte hartzen duten ahots taldeen emanaldia.
16:00. Leidor antzokian, folklore eta polifonia sailetan parte hartzen duten abesbatzen kantaldia.
19:30. Leidor antzokian, folklore eta polifonia sailetan parte hartzen duten abesbatzen saioa.
Azaroak 2, Ostirala
16:00. Leidor antzokian, musika profanoaren sailean abesbatza lehiaketan parte hartzen duten taldeen emanaldia izango da.
19:30. Leidor antzokian, folklore eta polifonia sailetan abesbatza lehiaketan parte hartzen duten taldeen saioa.
Azaroak 3, larunbata
11:30. Santa Klara elizan erlijio musikaren sailean lehiaketan parte hartzen duten ahots taldeen emanaldia.
16:00. Leidor aretoan, musika profano sailean parte hartzen duten abesbatzen ekitaldia.
21:00. Tolosako Udalaren eskutik, harrera ofiziala egingo diete abesbatzetako zuzendariei eta antolatzaileek gonbidatutako nazioarteko hainbat pertsonei.
21:30-00:00. Abesbatzen dantzaldia Beotibar pilotalekuan, Udaberri dantza taldearekin. Epaimahaiaren erabakia ezagutaraziko dute.
Azaroak 4, Igandea
11:30. Leidor antzokian, lehiaketako amaiera saioa izango da, eta sari banaketa ere bai. Agur Jaunak abestuz amaituko dute saioa.
Jarraian. Abesbatzen bazkaria Zerkausian.
19:00. San Frantzisko elizan, AEBetako The Rose Ensemble abesbatzaren kontzertua.