Mikologia azoka, euritsua, baina arrakastatsua

tolosa 2012ko urriaren 23a

http://www.youtube.com/watch?v=wSxTt3kw7Jg

Perretxikoak ikusi, zein diren jangarriak eta zein ez ikasi eta horiek dastatzeko aukera izan zen larunbatean, Tolosako Trianguloan. Kasino elkarteak antolatuta Mikologia jardunaldiak izan dira aste osoan, eta larunbatean eginiko azokarekin, eta pintxoen dastaketarekin eman zitzaion bukaera.

Bi gunetan zegoen banatuta Trianguloa. Batean, Kasino elkarteko bazkideek zein Tolosako ikastetxeetako gazteek astean zehar bildutako perretxikoak jarri zituzten ikusgai. 280 espezie inguru sailkatu zituzten, bakoitzaren ezaugarriak adieraziz. Ikusmin handia piztu zuen erakusketak, eta jendea erruz gerturatu zen perretxikoak ikustera.

Jatekoak eta edatekoak ere jende ugari erakarri ohi dute, eta eguraldiak batere lagundu ez arren, larunbatean bigarren gunera jende asko gerturatu zen hainbat jatetxeetako sukaldariek perretxikoekin prestaturiko pintxoak dastatzera. Iturrigoxo, Dolarea, Kuko, Martinez, Larrea, Olentzo, Iriarte, Solana 4, Peñaskal fundazioa, Ilargi, Kasino, Botarri eta Astelehena jatetxeek hartu zuten parte, eta zein baino zein plater  elaboratuagoak eskaini zituzten. Hojaldreak, piperrak, pistoak, brotxetak, nahaskiak, krepeak... guztiak perretxikoa osagai bezala hartuta. Euro batean eskaini zituzten, eta herritar askok hartu zuen pintxoa sagardoaz lagundurik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!