Tolosako Larramendi auzoko festen aurkezpena egin du jai batzordeak, eta lehenbizi udalaren eta auzoko komertzioen laguntza eskertu du. Festak urriaren 26etik 28ra izango dira, nahiz eta 25ean, jai eguna izanik, jarduera batzuk egon. Hainbat ekitaldietarako izena eman behar da, baina, esaterako, hilaren 27ko auzo bazkarirako txartelak agortu egin dira. Jai batzordetik azaldu dutenez, jende gehiagok parte hartzeko aukera aztertzen ari dira eta jakinaraziko dute kartelen bitartez izena emateko aukera hori zabalduko den.
Ekitaldietako bat haur eta helduen danborrada izango da, hilaren 27an, eta dagoeneko 150 pertsona inguruk eman dute izena. Oraindik izena eman daiteke, eta azken eguna horretarako hilak 19, ostirala, lehen entseguaren eguna izango da. Bi entsegu egingo dira, eta gutxienez horietako batean parte hartu behar dela jakinarazi dute jai batzordetik. Arkaute etxean elkartuko dira horretarako, hilaren 19an eta hilaren 25ean, eta 19:30ean hasiko dira. Hala ere, danborradako arduradunek parte hartzaileei ordu erdi lehenago azaltzeko eskatu die, danborren banaketa-eta arintzeko. Danborradan parte hartu behar dutenek festetarako aterako den zapia eskuratu behako dute.
Bestalde, RAID lasterketa antolatu da hilaren 27an eta horretarako izena ematea eskatzen da 23a baino lehen, nahiz eta egunean bertan ere egin ahalko den. Sei kilometrotako lasterketa eta ginkana uztartuko dituen proba izango da. Jai batzordetik azaldu dutenez, “ez da lehiakorra izango. Asmoa ondo pasatzea da”. Probaren amaieran hamaiketakoa banatuko dute.
Festen azken egunean, hilaren 28an, patata tortilla lehiaketa egingo da goizean zehar. Parte hartu nahi duenak osagaiak etxetik eman behar ditu eta gero jai eremuan egingo da prestaketa; etxetik egina ekartzea ere posible izango da. Egun horretako bazkaria zahagi-ardoa izango da, hau da, norberak eman beharko du janaria, eta edaria jai batzordeak jarriko du euro bat edo bi euroren truke. Zahagi-ardoaren ondoren, munduko postreen dastatzea egingo da. Horretarako, nahi duenak bere postrea eman dezake etxetik.
Jai batzordeak auzotarren parte hartzea eskatu du festaren antolakuntzarako. Hala, batzordean osatu diren hainbat lantaldetan izena emateko deia egin du. Horretarako Amets eta Plan B tabernetan, eta Txosne eta Idarreta kafetegi-okindegietan dauden zerrendak erabili daitezke. Bestalde, lehen aipatutako lau lekuetan buzoi batzuk egokitu dira, bertan nahi duenak bere laguntza emateko. Horrez gain, festetan zehar kamisetak, metxeroak, pegatinak eta zapiak erosi ahalko dira. Azkenik, kartel batzuk jarri dira bi tabernetan eta bi okindegietan, porra moduan parte hartzeko. Sariak auzoko komertzioek banatuko dituzte.