Tolosa Txukunek bat egin du beste 19 herritako taldeekin

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko urriaren 18a

Atez ateko zabor bilketa sistemaren aurka elkartu dira, Gipuzkoako 20 herritako biztanleak

Beste hemeretzi herritako plataformekin batera, atez ateko zabor bilketa sistemaren aurkako Gipuzkoako koordinakundearekin bat egin du Tolosa Txukun plataformak. «Bilduko 34 alkatek, inori iritzirik eskatu gabe inposatu nahi duten sistemaren aurka egin nahi dugu», azaldu zuen Patxi Amantegi ordezkari tolosarrak, atzoko aurkezpenean.

Amantegik, plataforma hauek guztiak beren gisara sortu direla nabarmendu zuen, eta Bildu agintean dagoen 20 herri horietan, «70.000 sinadura baino gehiago» jaso dituztela gaikako bilkera sistemaren aurka.

Era berean, beren nahia «koalizio abertzaleari, gipuzkoarron iritzia eta nahia errespeta dezatela» eskatzea dela esan zuen, «70.000 herritarren iritzia ezin baita gutxietsi», gaineratu zuen. Koordinakunde hauen guztien izaera «ukatu» dutela ere salatu zuten herritarrek: «Herriari hitza eman eta eurek hitzemandakoa betetzetik oso urrun, kontrakoa egiten ari dira». Amantegik, horrela, alkate hauek ez dietela entzuten eta erantzuten salatu zuen, eta «ez dugu utziko herritarrak gutxiesten», nabarmendu.

Beren helburuei dagokienez, hasiera batean behintzat, ez dute kontsulta bat antolatzea lortu nahi. Dena den, herritarrek erabaki honen aurrean parte hartzea nahi dute: «Atez ateko bilketa sistemaren aurka zenbat herritar dauden jakin nahi dugu, eta honekin batera, informazioa lortu eta kontsulta baten antza duen zerbait nola egin daitekeen jakin». Honen harira, beraz, Patxi Amantegik onartu du, «beharrezkoa ez den arren», Gipuzkoako Batzar Nagusietan erreferenduma antolatzeko egitasmo politikoa babestuko luketela.

Azkenik, plataforma hauek guztiak EAJrekin lotura zuzenik ez dutela argitu nahi izan zuten: «EAJri kanpaina egiten ari garela salatzen dute, baina alderdi guztietako herritarrak daude taldeetan».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!