EH Bildu eta EAJ aurrez aurre, euskarazko komunikabideen eskutik

Ataria 2012ko urriaren 17a

Tolosaldeko euskarazko komunikabideek buruz burukoa antolatu dute EH Bilduko Marian Beitialarrangoitiaren eta EAJko Maria Eugenia Arrizabalagaren artean. Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza, Galtzaundi, 28 Kanala eta Txolarre  irratia dira antolatzaileak, eta bi hautagaiak aurrez aurre ariko dira gaur, 19:00etan hasita, Tolosako udaletxearen batzar aretoan.

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko Gipuzkoako zerrendan hirugarren postuan doa eta leku berdinean doa Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren Gipuzkoako zerrendan. Eztabaida bi parte hartzaileen aurkezpenarekin hasiko da. Ondoren lau atal izango dira: egoera ekonomikoa, gizarte gaiak, hizkuntza politika eta normalizazio politikoa. Antolatzaileek eskualdeko hainbat eragile gonbidatu dituzte eztabaidan parte hartzeko atalek irauten duten bitartean, besteak beste bi hautagaiei galderak zuzenduz. Azkenik, aukera emango zaie buruz burukora joango diren herritarrei parte hartzeko. Eztabaida irekia da, beraz, eta nahi duten herritarrak joan ahalko dira bertara. Buruz burukoa zuzenean jarraitu ahalko da lau komunikabideetako webguneetan.

Emaitzak, igandean bertan

Tolosaldeko eta Leitzaldeko HITZAk hauteskunde egunean eskualdeko emaitzen eta alderdien erreakzioen berri emango du tolosaldea.hitza.info helbidean. Eskualdeko herri bakoitzaren eta Tolosaldea osoaren emaitzak jasoko dira hauteskunde eguneko gauean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!