Martxelo Otamendi, 'Berria' egunkariko zuzendaria
Epaiarekin gustura azaldu da tolosarra, baina gogora ekarri nahi izan du, berarekin batera Egunkaria auzian beste hainbat lagun ere torturatu zituztela. Bide beretik, eskerrak eman nahi izan dizkie Egunkaria auzian nahiz tortura salaketetan babesa eman dieten tolosar eta eskualdeko biztanleei.
Epaiarekin gustura azaldu zara. Zer nabarmenduko zenuke?
Pozik nago erabakiarekin, tortura salaketa ez ikertzeagatik arrazoia ematen digulako. Eta tortura salaketa ez da ikertzen, badakitelako torturatu egin gintuztela. Orduan, Espainiako justiziarentzat merkeagoa da Estrasburgok jartzen duen isun hori ordaintzea, gure torturatzaileak ikertu eta, ondorioz, kartzelara bidaltzea baino. Beraz, arrazoia ematen digu guri gure salaketan, eta gogora ekarri nahi dut ni ez naizela torturatu bakarra Egunkaria auzian, beste torturatu batzuk ere izan zirela: Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga eta Pello Zubiria. Eta zoritxarrez, Euskal Herrian torturatu asko izan diren arren, oso gutxi iristen dira horrelako sententzia batera.
Ebazpenak bide eman diezaioke torturatzaileak ikertzeari?
Beste egoera politiko batzuetan, urte asko pasa eta gero, tortura ikerketa asko zabaldu egin izan dira, eta gaur egun, oraindik jende asko dago kartzelan. Hemen ere posible izan beharko luke noizbait ikerketa horiek irekitzea, baina oraingoz ezin da.
Europako beste hedabide batzuetan oihatzunik izan al du honek?
Euskaldunon Egunkariaren itxierak, bere garaian, oihartzun handia izan zuen, euskaraz argitaratzen zen egunkari bakarra itxi zutelako. Baina oraingoan, Herrialde Katalanetako egunkari batzuetan oihartzunik izango du, eta Espainiako batzuetan ere bai, baina Frantzia eta Ingalaterrakoetan zaila izango dela pentsatzen dut.
Urte hauetan guztietan gizarteak emandako babesa garrantzitsua izan da?
Bai, noski. Eskerrak eman nahi dizkiet, Tolosaldean Egunkariaren itxieraren kontra mugitu ziren guztiei, eta babesa eman ziguten guztiei. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiet, guk torturak salatu genituenean, alde batetik sinesgarritasuna eman zigutenei, sinetsi zigutenei, eta salaketa horretan beti ondoan, haien elkartasuna adieraziz, izan ditugunei.
Espainia kondenatu dute tortura salaketak ez ikertzeagatik
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia kondenatu du Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkariako zuzendari ohiaren tortura salaketak behar bezala ez ikertzeagatik.
Giza Eskubideen Konbentzioaren 3. artikulua urratu duela dio ebazpenak, eta Otamendi tolosarraren argudioak ontzat eman ditu auzitegiak; torturak eraginkortasunez ez ikertzeagatik eta ikertzeko bitartekorik ez jartzeagatik zigortu du Espainia. Horrela beraz, 24.000 euroko ordainsaria ematera zigortu du: 20.000 kalteengatik eta 4.000 auziaren kostuengatik.
Ebazpena «albiste ona» dela esan zuen Martxelo Otamendik, atzo, auzitegiaren ebazpena ezagutu bezain laster, eta bide horretan, eskerrak ere eman zituen Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariari egindako adierazpenetan. Egunkaria auzian torturatu zuten atxilotu bakarra bera ez zela izan gogora ekarri zuen halaber, Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga eta Pello Zubiriaren izenak nabarmenduz.
Bideak agortu eta Estrasburgora
Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak, eta Euskaldunon Egunkariako zuzendari ohiak, Espainiako auzitegietako bide guztiak agortu ondoren, 2008an jo zuen Estrasburgora torturen inguruko argudioarekin.
2003an Egunkariaren aurkako operazioan, Guardia Zibilaren esku atxilotuta egon zen, eta orduan jasandako torturak eraginkortasunez ez ikertzeagatik, eta ikertzeko bitartekorik ez jartzeagatik sartu zuen parte Espainiaren kontra.
Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 3. artikulua urratu izana egotzi zion Otamendik Espainiari, eta artikulu hori urratzea leporatu diote epaileek.