Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzea lortuko duela dio EH Bilduk

tolosa 2012ko urriaren 12a

Xabier Isasi eta Pello Urizar EH Bilduko Gipuzkoako zerrendako lehen bi hautagaiek Euskal Herriak bere etorkizuna erabakiko duela esan dute Tolosan egindako mitinean. Beotibar frontoian izan dira, ondoan Gipuzkoako zerrendako lehen hautagaiak eta eskualdeko hainbat alkate dituztela.

Urizarrek hartu du hitza lehenengo eta datozen EAEko hauteskundeetan «alternatiba bakarra» EH Bildu dela esan du. «EAJk ez du proposamenik egin», eta PSE-EEk eta PPk «gure aurrerapausoak etetea eta Euskal Herriari inposaketak ezartzearekin jarraitzea besterik ez dute nahi», esan du Urizarrek. Raxoirentzat ere hitz batzuk esan ditu: «Euskal Herria ez da burugabekeria bat. Aldaketa herritarrekin egingo dugu eta gizarteak bere etorkizuna erabakiko du. Hori horrela izango da». Katalunia eta Euskal Herria gabe Espainia ez dela bideragarria gaineratu du Urizarrek eta Espainiatik horren kezka dutela. Bestalde, Urizarrek gogoan izan du lehen aldia dela hauteskundeetara «ezkertiar eta independentista talde handiena» aurkezten dela. «Zulotik aterako gara, politika beste modu batera eginez», gaineratu du eta «lan asko» dagoela egiteko esan du.

Isasik, bere aldetik, «Europan dabilen independentziaren trena» ezin dela galdu esan du, eta Eskozia eta Katalunia aipatu ditu adibide gisa. Bere agerpena Lasa eta Zabala oroituz hasi du, eta «biktima guztien oinazea» kontuan izan behar dela gaineratu du, eta «erabateko konpromisoa» azaldu du etorkizuna «bakez eta oroimenez» eraikitzeko. Tolosarrek «euskararekiko eta askatasunerako» konpromisoa erakutsi dutela gogoan izan du eta EH Bildurekin konpromisoa hartzeko deia egin du. Bestalde, «bazterketa eta pobreziaren» aurkako neurriak hartu behar direla gaineratu du eta zenbait proposamen egin ditu, besteak beste, lanaldia murriztea, gutxieneko soldata igotzea eta pentsioen sistema propioa bultzatzea. Tolosaldeari dagokionez, kudeaketa publikoko ospitalea eta espezialitateko anbulatorioa behar duela esan du Isasik. Hitzaldiaren amaieran, burujabetasunaren bidea hartu behar dela eta «eraldaketa nahi duten abertzaleak eta ezkertiarrak» bildu behar direla esan du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!