Hirugarren ikasturtea da aurtengoa Tolosako Orixe institutuak eta Herbehereetako Horn herriko Sint Ursula institutuak elkartrukea egiten dutela. Oraingo honetan 24 ikasle eta bi irakasle herbeheretar daude Tolosan eta hamar egunez izango dira hemen, hilaren 13a arte. Joserra Zalakain Orixeko zuzendariordeak azaldu duenez, Comenius programaren bitartez egiten ari dira aurten elkartrukea, eta beraz hamar eguneko egonaldia egingo dute. Bi urtetarako programa denez, datorren urtean ere elkartrukea hamar egunez egingo dute, hori bai, beste ikasle batzuk parte hartuko dute.
24 ikasle horiek Orixe institutuko 24 ikasleren etxeetan izan dira. Hain justu, apirilean Orixeko ikasle horiek joango dira Horn herrira. «Proiektu honen bitartez, ikasleek beste herrialdeko bizimodua eta ohiturak jasotzen dituzte», azaldu du Zalakainek. «48 ikasleak zortzi lantaldetan bildu ditugu eta bakoitzean gai bat jorratzen dute, beraien esperientziatik abiatuta».
Inaki Irazabalbeitia Hizkuntza Politika eta Hezkuntza zinegotziak harrera egin zien atzo udaletxean, eta irakasleei opariak egin zizkien udalaren partetik. Tolosari buruzko bideo bat ikusteko aukera ere izan zuten.
Euskaldunak, «irekiagoak»
Sint Ursula institutuko Hetty Huskens irakasleak lehenengo aldiz parte hartu du elkartrukean: «Oso esperientzia ona eta interesgarria da. Bizimodua eta hezkuntza ezberdina da. Gure hezkuntza sisteman dena handiagoa da, eta egituratuagoa dago». Bestalde, Huskens-en arabera, herbeheretarrak itxiagoak dira: «Euskaldunak oso eskuzabalak eta adiskidetsuak dira. Euskaldunak irekiak dira eta asko gustatu zaigu hori». Ingelesaren erabilerari dagokionez, Huskens-ek dioenez, «ikusi dugu hemen gazteek bakarrik hitz egiten dutela ingelesez. Herbehereetan adinekoak ere moldatzen dira ingelesez. Gu herrialde txikiak gara eta beharrezkoa da guretzat ingelesa jakitea».
Elkartrukean parte hartu duten bi ikasle herbeheretar dira Maan Hermans eta Ilse Van Eck. «Aldeak daude bi herrialdeen artean», esan du Hermans-ek, eta gaineratu: «Hemen lasaiago bizi dira. Asko ikasten ari gara herrialde honetaz, bakoitza familia batean gaude egonaldian eta asko gustatzen zait Tolosa eta ingurunea». Van Eck ere iritzi berekoa da: «Asko atsegin dut hemen egotea, jendea oso jatorra da, nire hemengo familia ere oso jatorra da». Janari kontuetan ezberdintasunak nabarmendu dituzte bi ikasleek: «Hemen gehiago jaten da eta beste ordutegi bat dute». Ikastetxe motari dagokionez, Herbehereetan ordu gehiago izaten dituztela azaldu dute.
Bihar arratsaldean jaialdi berezia eskainiko diete ikasle herbeheretarrek hemengo ikasle, familia eta lagunei, bere herriko joko eta denborapasekin. Orixeko ikasleek Herbehereetara joaten direnean ere jaialdi bat prestatu beharko diete.