Egun batez 25 DVDaren aurkezpena ere egun berean izango da; Bordondantza izango du hizpide
Zerkausian afaldu eta bertso doinuez gozatzeko aukera izango da, datorren urriaren 20an, Udaberri dantza taldeak antolatuta. 55. urteurrena ospatzeko bi jarduera nagusi antolatu ditu talde tolosarrak, eta San Joan eguneko bordondantzaren inguruko DVDa ere egun berean aurkeztuko dute, beraz; guztia, 55. urtemugaren harira.
Jai giroan murgilduz, triki-poteoarekin emango diete hasiera ospakizunei. Plaza Zaharretik 19:00etan abiatuko da, Alde Zaharreko kaleetan kalejira eginez. 21:00ak aldera, berriz, bertso afaria izango da Zerkausian.
Amets Arzallus, Alaia Martin eta Iker Zubeldia ariko dira kantuan, eta bertan afaldu eta bertsoak entzuteko txartelak, datorren ostiraletik aurrera eskuragarri izango dira, 20 euroren truke, Denak, Orbela, Ikatza eta Raku tabernetan. 200 lagunentzako lekua izango da Zerkausian.
Bordondantza barru-barrutik
Urriaren 20an, ordea, 18:00etan hasiko dira Udaberriren ibilbidea gogora ekarriko duten ekitaldiak. Izan ere, Egun batez 25 DVDaren aurkezpena izango da udaletxeko pleno aretoan. San Joan eguneko bordondantza izango da hari nagusia, baina agerraldian Udaberriko Maitane Sarasolak, Itsaso Barrenetxeak eta Irati Artutxak azaldu dutenez, «ohiko dokumental formatutik haratago joan, eta ekainaren 24aren bueltan hain ohikoak ez diren irudiak» ikusi ahal izango dira.
Urteetan zehar desagertuta egon ondoren, Udaberri dantza taldeko kideek Tolosako Bordondantza berreskuratzeko lan handia egin zuten aurreko hamarkadetan. Horregatik, «eta kontuan izanik urteurrenik ezin dela ospatu iragan belaunaldietako jendeak eginiko lanik gabe», gaur egun dantza taldean ari diren kideek gai hau aukeratu dute, dokumentala burutzeko: «Egokia iruditu zitzaigun gai hau hartuta, egun horretarako prestakuntzari buruzko dokumental bat egitea, San Joan eguneko uneez haratago».
Bordondantza bera urtean behin burutzen den arren, Udaberriko kideek, «horren guztiaren atzean prestakuntza lan handia» dagoela azpimarratu dute: «Inork gutxik daki Aste Santua pasa orduko hasten direla dantzariak entseguetan, eta are gutxiagok, egunean zehar kaleak apaintzen dituzten lizar hostoak dantzariek eurek ebakitzen dituztela goizean goiz».
Horrela, beraz, bordondantzari baten begietatik ikusi eta entzungo da kontakizuna, hilaren 20ko aurkezpenean.