‘Goenkale’ eta Doctor Deseo izango dira asteburuan, Leidorreko oholtzan

tolosa 2012ko urriaren 5a

Tolosako Leidor aretoko oholtzak musikazaleen nahiz antzerkia gustuko dutenen begiradak bilduko ditu asteburuan, Goenkale, markesaren erretratua antzezlanarekin eta Doctor Deseo musika taldearen emanaldiarekin.

[/caption]

Gaur, 20:30etik aurrera, Goenkale, markesaren erretratua ikusgai izango da Leidorren. 18 urte bete ditu aurten, Euskal Telebistan marka guztiak hautsi dituen telasailak, eta Glu Glu ekoizpen etxearen arabera, «ikus-entzuleei esker ona adierazteko bidea» da antzezlana. Horrela beraz, Goenkale zuzenean ikusteko aukera eskainiko dute aktoreek: «Horixe da egitasmo honen xedea».

Sei aktore ariko dira eszenatokian, guztiak telesailean aritutakoak, eta 18 urteek eman dutena obra batean txertatuko dute; arduradunek «egitasmo zirraragarria» dela nabarmendu dute. Gainera, telesailak bere-bereak dituen intrigaz nahiz maitasun istorioez gain, barrea eragingo duten pasarteak gaineratu dizkiote obrari, eta ikus-entzuleentzako ezustekoren bat prestatu dute.

Bihar, berriz, musikari eskainiko diote tartea Leidorren, Doctor Deseo talde bilbotarraren kontzertuarekin. 21:00etatik aurrera, Al amanecer seguir soñando, beren hamabigarren eta azken lana aurkeztuko dute Tolosan, beren obran hain ohikoak diren maitasun, sentsualitate nahiz ironiaz beteriko abestiekin.

Bertako musika entzungai

Gaur bertan, bi euskal talderen musika doinuan entzungai izango dira Bonberenean: Eratu eta Enkore.

Eratuk duela urte bete inguru grabatu zuen diskoa Bonberenean bertan, rock eta metal doinuez. Enkore, berriz, rock talde bilbotarra da, eta aurtengo Gaztea maketa lehiaketan epaimahaiaren saria jasota, lehenengoz ariko dira Bonbereneako oholtzan. 22:30ean hasiko dira kontzertuak.

Bihar ere ez da musikarik faltako, ordea, eta punk eta rock doinuak entzungai izango dira Bonberenean, ordu berean, Rat-zinger eta Porko Bravo taldeen eskutik.

Zinemazaleen zita

Urria hasi berri den honetan, Leidor aretoko zinema saioetarako bono berriak ere salgai izango dira, datorren urriaren 15era bitarte.

Horrela beraz, igandean bertan, Tadeo Jones ikusteko aukera izango dute gaztetxoenek, 17:00etan, eta 19:30ean nahiz 22:00etan, berriz, A Roma con amor filma proiektatuko dute helduentzat. Pelikula bera, astelehenean eskainiko dute 20:30ean.

Guztira, hamaika pelikula ikusi ahal izango dira, zine bonuarekin: A Roma con amor, Amor bajo el espino blanco, Si de verdad quieres, Mátalos suavemente, Casa de tolerancia, Zuloak, Una vida mejor, The deep blue sea, El Fraude, Lo Imposible eta El abrazo de los peces.

Mariona Masgrau omenduz

Bihar inauguratuko dute, Topic zentroko hamargarren erakusketa: Mariona Masgrauren artea. Bidaia pedagogikoa, txotxongiloen mundura.

Titirijairekin harreman estua izan zuen emakume honek, eta 2007an zendu zen; haren semeak amaren ondare osoa Topic zentroari eman zion, eta erakusketa hau antolatzea pentsatu dute, 110 piezarekin. Martxoaren 10era bitarte zabalik izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!