‘Herritarrekin’ egitasmoaren barruan izan da Tolosan ahaldun nagusia, aurrekontuak prestatzeko
Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia Tolosan izan zen asteartean, aldundiak duela aste batzuk abiarazi zuen Herritarrekin egitasmoaren barruan. Helburu nagusia, «herritarrengana hurbildu, eta politika egiteko beste eredu bat martxan jartzea» dela nabarmendu zuen Garitanok.
Kultur eetxeko areto nagusia bete egin zen, eta aldundiko kideek beren azalpenak eman ondoren, lantaldeetako dinamikarekin abiarazi zuten saioa. Horrela, herritar bakoitzak aukeratu zuen eztabaidagaia: fiskalitatea eta aurrekontuak, alde batetik, eta gizarte politikak, bestetik.
Martin Garitanok, aldundiak dituen eskumenen artetik nabarmenenak bi hauek direla azpimarratu zuen: «Gaur egun kezka nagusietako bat da krisiari aurre egiteko bideak bilatzearena, eta, era berean, gizarte politikek ere gero eta garrantzia handiagoa dute, gero eta urte gehiagoz bizitzen garelako. Beraz, fiskalitate egokia behar dugu, garapen ekonomikoaz gizarte politika ona aurrera eramateko».
Honen harira, aldundiko aurrekontuaren %47a gizarte politiketara bideratzen dutela azaldu zuen diputatuak, «lehentasuna» dela azpimarratuz: «Gipuzkoako ekonomia orain dela urte batzuk baino okerragoa da, baina zenbait lekutan baino hobea da, eta ehun industriala indartsua da. Beraz, diru gutxiagorekin erantzun gehiago eman behar ditugu, ahalegin bereziak eginez eta jendearen ongizatea lortuz».
Aurrekontuak herritarrekin
2011ko foru hauteskundeen ondoren, «politika egiteko modu berri» batez aritu zen Bildu, «herritarrekin elkarlanean aritzeari» garrantzia emanez.
Lehen urte hartan, Gipuzkoako aldundiak Kontuak Garbi egitasmoa martxan jarri zuen, eta herriz herri aurkeztu zituzten aurrekontuak. Garitanok, «herriak Foru Aldundia gerturatzea eskertu» egin zuela uste du: «Urruneko irudia zegoen, baina oraindik ere aurrerapauso asko eman behar ditugu».
Hori dela eta, aurrekontuak osatu baino lehen bertaratu dira aurten, herritarrengana, Herritarrekin egitasmoaren bidez: «Herritarrekin hitz egin nahi dugu, kezkak eta zalantzak entzuteko, eta gero hori Batzar Nagusietara helarazi eta negoziatzeko».