Galtzaundi euskara taldearen Mintzalaguna egitasmoko arduraduna da bata, eta hiztun bolondresa bestea. Euskarak kalean bizirik jarraitzearen garrantziak elkartu zituen duela bi urte.
Mintzalagun moduan bere burua aurkezteak lagunak eman dizkiola dio Mari Angeles Zubillaga tolosarrak, eta euskara jakitearen eta plazaratzearen kontzientzia falta dela oraindik. Amaia Doyague, berriz, Galtzaundiko Mintzalaguna egitasmoko arduraduna da, eta biek ala biek duela pare bat urte ezagutu zuten elkar. Aitzol Udal Euskaltegia hasi zen, orain sei urte, mintzalagunaren egitasmoarekin, eta aurten, hirugarrenez antolatu du Galtzaundik euskara plazaratu eta normalizatzea helburu duen egitasmoa.
Zer moduz doa mintzalagunaren kanpaina?
Amaia Doyague: Irailean egin dugun lana, batez ere, aurreko urteko taldeak-eta antolatzea izan da. Eta, momentuz behintzat, ondo doa eta zerrendatxoa osatu dugu jada; 40 lagun inguruk izena eman dute. Gainera, urtean zehar ere ez dizkiogu ateak inori ixten, eta izen-ematea zabalik izaten da.
Besteak beste, euskararen normalizaziora iritsi nahi duzue. Aurrerapausoak nabaritzen al dituzue?
A.D.: Bai, ikaragarria da. Aurtengoa hirugarren urtea izango da, eta parte-hartzaile batzuengan bereziki, sekulako aldea igartzen dut nik. Gainera, eurekin kalean topatu eta lehen hitza euskaraz egiten dute. Harrigarria da duten etorria, eta asko eskertzen da. Hauetariko asko, noizbait euskaltegian egondakoak dira, eta esaterako, gramatika eskoletan asko aritu direnak; eurek, ordea, erabiltzea behar dutela diote, trebetasun hori hartzeko. Eta honetarako, mintzalagunarena oso egitasmo egokia dela uste dut.
Eta zein da, oro har, izena ematen dutenen profila?
A.D.: Euskaltegian ibilitakoak dira batzuk, eta nolabait han ikasitakoa osatzeko etortzen dira. Baina bestela ere, familia duen jendea izaten da, oro har; seme-alabekin nahiz bilobekin euskaraz aritzea interesatzen zaielako.
Eta ikasteko jendea animatzen den modu berean animatzen al dira hiztun moduan?
A.D.: Egia esan, ikaragarria da hiztunen zerrendan dagoen euskaldun kopurua. Galtzaunditik gure bazkideei informazioa banatzen diegu, eta oraingoz zortzi talde osatu ditugun arren, beste zazpi pertsona inguruk izena eman dute euskal hiztun moduan, laguntzeko; jendea laguntzeko gogoz da, beraz.
Eta zu, noiz hasi zinen hiztun moduan parte hartzen?
Mari Angeles Zubillaga: Ni Aitzol Udal Euskaltegian hasi nintzen. Duela sei urte inguru, artean lanean nintzela, egitasmoaren inguruko berriren bat irakurri nuen. Betidanik sentitu dut euskararen alde lan egiteko gogoa, eta beharra ere ikusten nuen. Horrela beraz, gogo horrekin, nire buruari esan nion, erretiroa hartzen nuenean izena emango nuela hiztuna izateko. Horrelaxe hasi nintzen, eta datorrena laugarren urtea izango da niretzat.
Nolakoa izaten da lehen kontaktua?
M.A.Z.: Nire kasuan, euskaltegira joan nintzen, eta han, nire adintsuko taldea prestatu zidaten. Taldeko bat donostiarra zen, eta ez nuen ezagutzen; beste bat, berriz, Tolosatik ezagutzen nuen, betidanik. Lehen urtea bi horiekin egin nuen, eta iaz hirurekin aritu nintzen; baina hirugarren honen kasuan, euskara zertxobait ulertzen zuen arren, eta guraso euskaldunak zituen arren, oso gaizki moldatzen zen hizketarakoan.
Orduan, birekin ordu betez elkartzen nintzen, eta hirugarrenarekin bakarrik aritzen nintzen, berak aurrera pauso handiagoak eman zitzan. Baina oinarririk ez baldin badago, ezinezkoa da ezertara iristea.
A.D.: Bai, guk hori jartzen dugu kanpainako esku-orrietan, izan ere, ez da ikastegi bat; erabilera lantzeko beharrezkoa da zerbait jakitea.
M.A.Z.: Oinarririk ez izateak besteen erritmoa ere moteltzen du.
Nola aukeratzen dituzue hizketaldietarako gaiak?
M.A.Z.: Hasi nintzen urtean hauteskundeak zirela uste dut, eta ideia bertsuak genituen guztiok; errazagoa izan zen, beraz, gaiak aurrera ateratzea. Hainbat ideologiakoak elkartutakoan ere, edozein gai aukeratzen dugu, normalean eguneroko kontuak: arropa, jakiak, errezetaren bat,... Hamaika kontu sortzen dira eta ez gara isiltzen! [barreak].
Azkenean, halako konplizitaterik sortuko da zuen artean.
M.A.Z.: Bai, bai. Ikaragarria da, eta oso lagunak egiten gara eta oso gustura ibiltzen gara.
Gomendatuko zenuke, beraz, mintzalagun izateko izena ematea.
M.A.Z.: Bai, noski! Gomendatu bakarrik ez, bultzatu ere bai. Euskarak behar du kaleratzea eta plazaratzea, abestiak dioen moduan. Oso baztertuta eta zokoratuta egon da, eta oraindik ere, kontzientzia asko falta da; ez dago behar adina kontzientziarik, hori behar bezala aurrera eramateko. Horregatik, esparru honek zabaltzen eta indartzen joan behar du, eta euskara aurrera atera behar dugu. Noski, nik hau oso argi daukat, etxean ere horixe bizi izan dudalako. Baina konturatu egin behar dugu, euskara gure hizkuntza dela; eta gure hizkuntza denez, gure kulturaren oinarri eta ardatza ere badela euskara. Izan ere, hizkuntza bat galtzen baldin bada, kultura hori ere oso herren geratzen da. Eta are gehiago: euskaldunak ere, euskaraz jakin gabe, herren daude. Askok esango dute, «bai, ni euskalduna naiz», baina ez dakite euskaraz; zer euskaldun mota da hori?
Bi aldeetakoentzako gomendagarria da, beraz.
M.A.Z.: Bai. Euskaraz ez dakitenei ere gomendatuko nieke, oso aberatsa baita edozein lekutara joanda ere euskaraz ari direla, ulertzea eta hitz batzuk egitea.