Ekonomia feministari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Urola Garaia-Tolosako Jabekuntza Eskolak
Krisi ekonomikoaren inguruan egin ohi diren analisiak «asmo txarrekoak» direla eta, sistemaren krisiari bestelako teoria batzuetatik aurre egiteko Ekonomia feministatik jar dezagun krisia hankaz gora jardunaldiak antolatu ditu Urola Garaia-Tolosako Jabekuntza Eskolak; ekonomia feministatik egoerari buelta ematen saiatuko dira, beraz.
Ibai Iriarte Tolosako alkatea eta Agurtza Zubero Tolosako Udaleko Berdintasun teknikariaz gain, Urretxuko alkate Oihane Zabaleta eta Aurora Iturrioz Berdintasun teknikaria ere izan ziren aurkezpenean, eta guztiek, emakumezkoen egoera krisian are larriagoa dela nabarmendu zuten.
Besteak beste, egoera honen sakoneko arrazoi moduan, generoen arteko hierarkia nabarmendu dute antolatzaileek: «Gaur egungo gizartean, oraindik era desberdin eta hierarkikoan sozializatzen gara», azaldu zuen Oihane Zabaletak.
Iritzi hau abiapuntu hartuta, ekonomia feminista ardatz nagusi izango duten jardunaldiak antolatu dituzte. Tolosan eta Zumarragan izango dira saioak, eta ostiral honetan hasi eta azaroaren 17an amaituko dira.
Irtenbideak eman baino, aipaturikoaz eztabaidatu eta hausnartzea izango da saioen helburua. Tolosan, kultur etxean izango dira jarduerak; bata Ecologistas en Acción taldeko Yayo Herreroren hitzaldi-eztabaida izango da, datorren ostiralean nahiz larunbatean. Azkenik, Emakumeen Denbora Banku taldeen egunpasa egingo dute, datorren azaroaren 17an.
Izena emateko, jabekuntzaeskola@gmail.com helbidera idatz daiteke, edo 943 67 03 83 telefonora deitu.
«Bereizkeriari aurre egiteko»
Urola Garaiak eta Tolosak elkarlanean sortutakoa da jabekuntza eskola, eta emakumeak heztea du helburu nagusi, genero honetako herritarrak «bigarren mailako herritar izaten jarraitzen» dutela uste baitute eskolako sustatzaileek.
Horrela beraz, «bereizkeria sortzen duen sozializazio prozesu honi aurre egin nahi dio» Urola Garaia-Tolosako Jabekuntza Eskolak.
Egitaraua Tolosan
Urriak 5, ostirala
16:00etatik 20:00etara, kultur etxean. Yayo Herrero: Proposamen ekofeministak, zorrez jositako sistema batentzat. Ecologistas en Acción taldeko koordinatzaileak begirada ekologistaren eta feministaren arteko topaketak beste paradigma bat sortzen lagun dezakeela uste du, betiere, bizimodu duin eta naturarekin bateragarri bat ardatz direla.
Urriak 6, larunbata
10:00etatik 14:00etara, kultur etxean. Yayo Herreroren saioa.
Azaroak 17, larunbata
11:00etatik aurrera, kultur etxean. Emakumeen Denbora Banku taldeen Egun pasa topaketa. Dirurik gabe, baliabideak eta gaitasunak elkarbanatu daitezkeela erakutsiko dute.