Tolosa CFren talde nagusiena erregional ohorezko mailan dago. Iazko denboraldian igoerako promozioa jokatzeko zorian izan zen, eta aurten berriro borrokatu nahi du hirugarren mailara igo ahal izateko. Horretarako etxeko talde prestatzailea dute: entrenatzaile gisa Iñigo Dominguez ari da, bere laguntzaileak Jose Manuel Odriozola eta Iñaki Mujika dira, Oscar Galindo da atezainen entrenatzailea, Javi Fernandino masajista eta Jose Manuel Tobias ordezkaria. Justo Lillo aurredenboraldian laguntzen aritu da eta orain kadete mailako lehen taldea entrenatzen ari da. Dominguezek garbi du zer lortu nahi duten: «Partida guztietan garaipena merezi izatea».
Dominguez iaz ere Tolosa CFn izan zen, baina beste ardura batzuekin: «Jose Manuel Odriozolak deitu zidan denboraldiaren hasieran alebin mailako beste talde bat atera behar zutela, eta horiek entrenatzera animatuko ote nintzen galdetzeko». Nire lehenengo esperientzia 10-11 urteko gaztetxoekin izan zen, eta oso gustura aritu nintzen». Denboraldia aurrera zihoala, Txema Sernak eskatu zion behe mailako taldeen metodologia eta entrenatzaileen formazioa eramatea. Uda honetan klubak erabaki zuen entrenatzailez aldatzea, etxe barrura begiratu zuten eta Dominguezi galdegin zioten lehen taldearen ardura hartzea. «Ni, hemendik nabilen bitartean, Tolosari lagunduko diot klubak egokien ikusten duen moduan», dio.
Hainbat jokalari berri ditu aurtengo taldeak: Ruben Garcia, atezaina, Idiazabaletik etorri da; Borja Gomez eta Mikel Lopetegi, Realeko jubenil mailako taldetik; David Imaz, Zarautzetik; eta Gorka Blanco, aurretik Tolosan aritua eta aurten Lagun Onak taldetik etorritakoa. Egun talde nagusian dauden zenbait jokalari aurretik Dominguezek entrenatu zituen kadete mailan. Tolosaldekoak eta Goierrikoak dira jokalariak, eta zaharrenak 28 urte ditu.
Igoera, jomugan
Aurreko denboraldiko azken jardunaldia ez da oroimen gozokoa. Tolosak bere esku zuen igoera fasean sartzeko postua lortzea, baina Hondarribiaren aurka berdindu eta Pasaiak eskuratu zuen postua. Talde hori, gainera, hirugarren mailara igo zen, eta, beraz, kolpea bikoitza izan zen.
Denboraldian zehar «igoera hitza nahitaez atera egingo da», dio Dominguezek. «Niri, helburu bezala, igotzea baino, igotzeko merituak egitea gustatuko litzaidake». Futbola askotan zoriarekin lotuta dagoela dio Dominguezek, «batzuetan gehiegi», eta berak merituak bere alde izatea nahi du, nahiz eta askotan bizitza den «gure ordez erabakitzen duena». Tolosako entrenatzaileak partida guztietan garaipena merezi izatea nahi du: «Gure esku dagoen guztia egitea, zozketara ahal dugun txartel kopuru handienarekin joatea».
Denboraldiaren herenaren ondoren, igoeraren borrokan zein talde izango diren zehaztuko direla esan du Dominguezek. Aurretik izen batzuk ere aipatu daitezkeela dio: «Berio eta Hernani goian izango dira ziurrenik. Oiartzun ere, iaz bezala, goiko postuetan egon daiteke».
Jokatzeko moduaz galdetuta, ez du sistema jakin baten inguruan hitz egiten Dominguezek: «Jokalarien ahalmena errespetatzea da lehen gauza, ez da beraien senaren aurka joan behar. Hortik aurrera, ahal den ondoen jokatzea; edozein kiroletan, ondo jokatzen baduzu, garaipenetik gertuago egongo zara».