Pasa den ekainean lanea hasi zen Tolosako Udala, Harremanak elkartearekin batera, genero indarkeriaren prebentzioa lantzeko planarekin.
Harremanak elkarteko Ana Elosegik diseinatu du egitasmoa, eta Tolosako ikastetxe guztiek parte hartuko dute bertan: Hirukide, Inmakulada, Laskorain, Orixe, Samaniego, Peñascal eta Tolosaldea LHI.
Ibai Iriarte alkateak, udalak duela zenbait hilabete genero biolentziaren aurkako protokoloa martxan jarri zuela gogora ekarri du. Hala ere, garrantzia handiagoa eman dio prebentzio planari: "Protokoloa irekitako zauriei erantzuteko da, baina gaur aurkezten ari garenarekin, zauri horiek sekula ez sortzeko formula izango dugu". Horrela beraz, Tolosako gazteak etorkizuna direla azalduz, ikasle guztiak baloreetan hezteari berebiziko garrantzia eman dio Iriarte alkateak.
Bizi osorako baloreak
Ana Elosegi proiektuaren egileak, egitasmoaren osotasuna nabarmendu du. Izan ere, 0 urtetik 18 urtera bitarteko haur eta gazteekin ariko dira, eta guraso nahiz orientatzaileei ere bideratuko dizkiete trebakuntza eta aholkularitza saioak. Era berean, udaleko gazteria, berdintasuna eta kirol sailekin lotura estua izango dutela azaldu du.
Adinaren arabera egokitutako saioak prestatu dituzte programa honetan, eta ikastetxeetan, bi urtez behin landuko dituzte gaiak. Horrela, Lehen Hezkuntzako 6. mailakoekin sexualitatea landuko dute; DBH 2. mailan, neskei autodefentsa irakatsiko diete, eta mutilekin maskulinitatea izango dute hizpide; DBH 4. mailan, berriz, bikote harremanek gidatuko dute haria, identitate sexuala eta abar jorratuz; Batxilergoko 2. mailan, harreman afektiboak izango dira mintzagai, eta azkenik, lanbide heziketako ikastetxeetan, espezialitate bakoitzaren araberako saioak egingo dituzte.
Egitasmoa, ikasleez haratago, herritar guztiei zuzendua da, Mikel Arreseigor gazteriako zinegotziak azaldu duenez. Hau dela eta, hilabeteko azken ostegunero, informazio eta aholkularitza gunea jarriko dute kultur etxeko Topagunean, sexualitate informazioa, psikologiaren ingurukoa nahiz juridikoa eskuratu nahi duen edonorentzat.
Halaber, helbide elektronikoa ere eskuragarri jarri dute, edozein zalantza argitze bidean: berdinsex@gmail.com.