Egiazko ekonomia alternatiba lortzeko bideak jarriko ditu Denbora Bankuak

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko irailaren 19a

«Egiazko ekonomia alternatiba bat eskaintzea» da Tolosako Denbora Bankuaren helbururi behinena; hala azaldu dute, Agurtza Zubero Berdintasun teknikariak, eta Berdintasun Bankuko kide diren Aitziber Eguzkitzak, Naiara Lasartek eta Ana Sanzek, aurkezpen ekitaldian.

[/caption]

Bihar izango da lehen bilera, 19:00etan, kultur etxean, eta besteak beste, egitasmoa aurkezteko probestuko dute saioa: adibide praktikoak jarriko dituzte eta aurtengo berrikuntza den aplikazio informatikoa ere hizpide izango dute.

Aitziber Eguzkitzak, hainbat arrazoi azaldu ditu, Denbora Bankua bezalako egitasmoak antolatzeko, baina besteak beste, «emakumeen jabetza» lantzea jo du garrantzitsutzat. Izan ere, antolatzaileen ustez, horrelako egitasmoak «oso garrantzitsuak» dira matxismoaren kontra egiteko.

Jomuga honi, krisi egoeraren ondorioak ere gehitu behar zaizkio: «Krisi garaian, bereziki, feminismoa, duintasuna eta kontsumo arduratsua bultzatu behar ditugula uste dugu», dio Eguzkitzak.

Horrela beraz, funtsean, lana eta zerbitzuen parekidetasuna sustatu nahi dute Denbora Bankuarekin: «Izan ere, badira emakumeen zeregintzat hartzen diren zenbait lan, baina ez dute zertan hala izan behar».

Garrantzitsuena, denbora

Tik-Tak Truk denbora bankuak zerbitzuak eskainiko ditu, eta horri begira, denbora jo dute garrantzitsutzat: «Hau da zerbitzuak zenbatzeko erabiltzen dugun unitatea».

Orduak positiboan eta negatiboan kontatuko dituzte, eta kide bakoitzak bere jakintza nahiz trebetasunen bidez, beste kideren bati zerbitzuak eskaintzeko aukera izango du, eta alderantziz.

Tolosako Udaleko Berdintasun Saila duela bi urte hasi zen egitasmoarekin, eta arduradunek azaldu dutenez, pixkanaka indarra hartu du Denbora Bankuak nahiz urteroko Truke azokak.

 

Denbora internet bidez eskaintzeko aukera izango da aurrerantzean

DTik-Tak Truk denbora bankuko kideek, aurtengo berrikuntza nabarmentzat jo dute aplikazio informatikoa. Tresna honen bidez, jende gehiagorengana iristeko aukera izango dutela azpimarratu dute. Izan ere, herritar askok denbora bankuan parte hartu nahi izaten badute ere, hauetariko askok bileretara joateko aukerarik ez dutela izaten azaldu dute. Horrela beraz, eta beste herri batzuetako denbora bankuetan oinarrituz Tolosakoa aberasteko helburuz, aplikazio informatikoa sortzeko ideia izan dute arduradunek. Parte hartu nahi dutenek tiktaktruk@gmail.com-era idatzi beharko du, ondoren izen-emate orria betetzeko. Jarraian aplikazioan bertan izena emateko aukera izango da, eta kide bakoitzak zer jaso eta zer eskaini nahi duen zehaztuko du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!