Tolosaldeko Herrirak deituta, giza katea egin dute eguerdian 130 lagun inguruk Tolosan. Bizi osorako espetxe zigorra salatu nahi izan dute ekimen honekin. Herrirak adierazi duenez, Estrasburgoko epaitegien ebazpenaren arabera, kalean egon beharko luketen 69 euskal preso daude espetxean, eta horietako bat da Pello Odriozola tolosarra. Odriozola Zaragozako (Espainia) Zuerako espetxean dago, eta 2008ko uztailaren 2tik egon beharko luke aske, baina, 10 urte luzatu diote zigorra, 197/2006 ebazpena aplikatu ostean. Hain zuzen ere, hainbat euskal herritar Estrasburgora joan dira gaur, "bertako giza eskubideen epaitegiak 197/2006 bizi osorako doktrinaren inguruan emandako ebazpena Espainiak ez duela betetzen salatzera".