Larunbatean omenaldia egingo diote Tolosako I. Eskulturasteko itxiera ekitaldian, herriko ondare artistikoaren garapenean eskainitako laguntzagatik. Jarraian, Tolosaldeko eta Leitzaldeko HITZA egunkariko papereko alean argitaratuko den elkarrizketaren aurrerapena irakur daiteke.
Hamaika sari eta omenaldi egin dizkizute jada, baina, beti pizten al du pozik?
Bai, ilusioa beti eragiten dute horrelako gauzek. Ez dakit halakorik merezi dudan edo ez baina...
Autodidakta izan zinen zure hastapenetan.
Nire erabateko bokazioa izan da; ez da merezimendua. Esango nuke, obsesio batekin jaiotzen zarela, eta gauzak seriotasunez hartzen badira, obsesiora bideratzen da bat. Oteizak esango lukeen bezala, zerbaiten obsesiorik ez duena, galduta dago [barreak]. Nik txikitatik asko marrazten nuen; oso gaizki, pentsatzen dut, baina asko. Nire bizitza zertxobait antolatzeko adinera iritsi nintzenean, ordea, bi gerrarekin topo egin nuen: Espainiako Gerrak, batetik, hamabi urte nituela harrapatu ninduen ezustez; beranduago, jada Frantzian errefuxiatuta geundela, Bigarren Mundu Gerra etorri zen. Soinean genuenarekin alde egin behar izan genuen Paristik, alemanak zetozela eta. Garai hartan arkitektoa izan nahi nuen nik, baina noski, egoera hartan, ezinezkoa zen. Ideal horri heldu nahian, ordea, gizon ikasia, kulturaduna, izan behar nuela pentsatu nuen, behinik behin, sormenaren, artearen eta diseinuaren esparru horretan. Unibertsitate ikasketetan hasi ezin horrek, beste hainbat gauza ikusteko askatasuna eman zidan, eta marrazten, margotzen, zizelatzen,... hasi nintzen.
Gerora arte adierazpen askotan aritu zaren arren, Nestor Basterretxea eskultore moduan da ezaguna.
Argazkigintza esperimentalarekiko interes handia nuen, eta baita zinemarekiko ere. Zinea da tresnarik osoena; erritmoa du, txuri-beltzekoa edo koloreduna izan daiteke, ahotsa, gertakizunak, musika,... Gauza asko ditu, eta zinea bera ikusteko modua ere oso-oso berezia da: ia beti areto ilun batean izaten da, eta pelikula ikusle bakoitzari zuzentzen zaiola ematen du. Horregatik hunkitzen gara, edo negar egiten dugu. Oso interesgarria suertatzen zait zineak duen xarma hori. Dena den, zenbait film egindakoa naizen arren, ez naiz zinema gizona; horretarako erabat zineman aritu behar du batek.