Gehiengo sozialaren beharra ikusten du LABek, «borondateak aldatzeko»

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko irailaren 13a

Irailaren 26ko greba orokorrari begirako biltzarra ospatu dute LABeko 250 ordezkarik, Topic zentroan

Beste eredu ekonomiko eta sozial bat eraikitzeko borondaterik ez dutenak, horretara behartu behar direla azaldu du LAB sindikatuak Tolosan, horretarako «herri honetan gehiengo sozial nahikoa» badela azpimarratuz. Hala azaldu du sindikatu abertzaleko Industria Federazioko idazkaria den Garbiñe Aranburuk.

Tolosaldeko eta beste hainbat eskualdetako ordezkarien bilkura izan da, Topic zentroko aretoan. 250 lagunek hilaren 26ko greba orokorreko deialdia prestatzeaz gain, gaur egungo egoeraren balorazioa egin dute bertan. Jarraian, manifestazioa burutu dute, Euskal Herriak hitza eta erabakia lelopean.

Garbiñe Aranburuk, «kapitalismorik bortitzena inposatzen» ari direla nabarmendu du batzarra amaitu ostean, eta estatua berzentralizatzen ari direla salatu du: «Euskal Herritik urruntzen ari dira, beraz, erabakitzeko guneak».

Krisiaren testuinguruarekin jarraituz, «bankuei diru publikoa ematea» gaitzetsi egin du LABeko Industria Federazioko idazkariak, «erabaki politikoa» dela esanez. Bide honetan, langileak eta gizartea, oro har, pobreziara eta langabeziara bideratzen ari direla nabarmendu du Aranburuk, eta hau ere erabaki politikotzat du sindikatuko kideak: «Bankuei ematen zaien dirua da, bestelako enplegu, industria eta gizarte politika batzuk egiteko falta den dirua».

«Negoziazioa zentralizatuz»

Azken hilabeteotako erreformak ere hizpide izan ditu sindikatuak, ordezkariekin egindako batzarrean, eta «oso larritzat» hartu dituzte, Garbiñe Aranburuk azaldu duenez: «Gure eskubideak defendatzeko ezinbestekoa dugu negoziazio kolektiboa, eta berau gure erabakitze-gunetik urruntzen ari dira».

Horrela beraz, negoziazioa «gero eta gehiago zentralizatuz, eta Madrilgo negoziazioaren menpekoago eginez», ari direla gaitzetsi du. Ildo beretik, enpresariei nahiz erakundeei «adostutakoa ez betetzeko ahalmena» ematen zaiela uste du sindikatuak, negoziazio kolektiboari «bere izaera ukatuz».

Egoera honen aurrean, LAB sindikatuak argi azaldu nahi izan du, langabezia gora doala eta erreformen ondoren hazkunde ekonomikorik ez dela izan, Aranburuk azaldu duenez. Beraz, «egoera benetan kezkagarria» dela diote: «Behin eta berriro sinestarazi nahi digute hazkunde ekonomikorako lan harremanek desagertu egin behar dutela, eta sektore publikoa txikitu egin behar dela, baina guk, hori gezurra dela esan nahi dugu».

Bestelako alternatiba

Erreformen aurrean, honenbestez, bestelako alternatiba bat proposatu du LABek, Topic zentroko bilkuraren ondoren: «Bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat eraikitzea».

Eredu berri hau lortze bidean, ordea, borondaterik ez dutela ikusten nabarmendu dute: «Ez, behintzat, erakundeetan agintean dauden alderi gehienen aldetik, ezta patronalaren aldetik ere».

Honenbestez, «borondate hauek nolabait aldatu eta behartzeko mobilizazio eta protesten indarra» beharrezkotzat jo dute sindikatu abertzaleko kideek, eta Garbiñe Aranburuk datorren irailaren 26ko greba orokorrean parte hartzeko deiarekin amaitu ditu adierazpenak: «Murrizketen aurkako jarrera azaldu behar da, eta gure lan harreman eredua hemen bertan erabaki behar dugula aldarrikatu behar dugu, eragile sozial, sindikal eta politikoek».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!