Gaur irekiko dute, hamalaugarrenez, Tolosako garagardo azoka, eta musika bandaren kontzertuak emango dio hasiera Zerkausiko jaiari. Igandera bitarte, 26 garagardo dastatzeko aukera izango da Zerkausian, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, iaz baino hiru garagardo gehiago izango dira aukeran: «Garagardo alemaniarrak, belgikarrak, irlandarrak nahiz txekiarrak eskainiko ditugu». Aipatzekoa da, Leikeim Steinbier garagardoak 2010. urteko Alemaniako garagardorik onenaren saria jaso zuela.
Edari honi guztiari laguntzeko, urteroko moduan, Bratwust eta Frankfurt saltxitxak eta ukondoa prestatuko dituzte Zerkausiko sukaldean; aurten, 1,5 kiloko ukondoak izango dira, aurreko urteetan baino ia bikoitza, «jendea
gustora geratzea» baita antolatzaileen nahia, eta euro bat gehiago ordaindu beharko da. Azkenburuak, berriz, gazta eta irasagarra, nahiz euskal pastela izango dira. Gaurtik larunbatera bitarte, garagardo azoka 18:00etatik 00:00etara arte izango da zabalik; igandean, berriz, 23:00etan itxiko dute Zerkausiko barra.
Aurten, gainera, kartoizko edukiontziak gutxituko dituzte Tolosaldea IKT, Tolosa CF Nesken Txirrindulari Taldea, Judo Club Tolosa eta Igarondo Urpekoak taldeetako antolatzaileek, Tolosako Udalak berrerabil daitezkeen platerak utziko baitizkiete, hondakinak gutxitzeko helburuz.