Asier Mendizabal (Ordizia, 1973) eskultoreak hitzaldia emango du, gaur, Eskulturastearen barruan, Abangoardia eta tradizioari buruzko gogoeta batzuk: Euskal Eskultura mito gisa izenburupean. Jose Mari Armentia Alfa Arteko zuzendaria ariko da aurkezle eta moderatzaile gisa. Mendizabal, bestalde, Eskulturastearen lehiaketan epaimahaikide gisa aritu da.
Hitzaldian zer azalduko duzu?
Alde batetik, eskultura publikoaren funtzioarekiko gogoeta batzuk: zer den, zertarako den, zer genealogia duen... Horretarako zenbait interpretazio erabiliko ditut tradiziotik eta abangoardiatik. Abangoardiatik funtzio hori dudan jartzen da. Bestetik tradizioa ez da beti mugitzen ez dena, horrela uste bada ere.
Eskulturan, hain justu, abangoardia eta tradizioa ezberdintzeak bere konplexutasuna du. Izan ere, Txillida eta Oteiza tradizio dira?
Gurean, eta hori da hitzaldiaren bigarren zatia, oso kasu berezia ematen da irakurketa horrekin. Gurea bada abangoardia bat, genuinoa bere asmo eta moduetan, baina berantiarra da oso. Borondate abangoardista hori benetan eraginkorra izan denean, ia 60ko hamarkada zen. Berantiarra izanik ere, mantentzen du abangoardiaren tipologia guztia. Une horretan, lengoaia berri horrek behar sinboliko bat bete zuen. Gabezia bat zegoen, nortasunaren unibertso bat berritzeko beharra. Guk jaso dugun unibertso sinbolikoa, bisuala batik bat, nolabait abertzaletasun ideia erromantikotik datorkigu, baina oso ibilbide gutxi dauka urte askotan, egoera soziopolitikoak hala behartuta. 60ko hamarkada arte ere bazirudien nortasunaren errepresentazio horiek beti pasatu behar zutela halako esentzialismo erromantikotik. Hori berridazterakoan, indar guztiz egiten da, eta badaude zenbait arrazoi baldintzatzen dutenak aldaketa horren motorra eskultorea izatea.
Hori beste kultura batzuetan eman da?
Egoera berezia da, ez zait gogora etortzen horrelako baliokidetasunik, non halako unibertso sinboliko kolektibo baten motor nagusia eskultura, eta gainera eskultura abstraktua, izatea. Tradizio eta abangoardiaren kontu horretan, azkarregi gertatu diren bersinbolizazio horietan, gure abangoardia segituan bilakatu da tradizio. Niri interesatzen zaidana da kasu honekin oso ondo esplikatzen dela zer prozesu parte hartzen duten sinbolizazio ariketa horretan. Nola printzipioz abstraktua, guztiz esperimentala, den proiektu bat une batean testuinguru metaforiko batean jartzen den eta nola mito bilakatzen den. Euskal eskulturaren kasua erabiliko dut, ez gurea delako edo gertu dugulako bakarrik, baizik uste dudalako oso baliagarria dela azaltzeko nola ematen den hori. Gainera, badugu une bat nolabaiteko indarkeria sinboliko bat gertatzen dena, esanahi hori inposatzeko lengoaia horri. Nola, azkenean, mitoa irekia izatetik, mito interesatua izatera pasatzen den, esanahi bakar batekin.
Zer eragin jaso duzue mugimendu horretatik hurrengo belaunaldiko artistek?
Nire burua eskultoretzat definitzerakoan ez da espresiorako eskultura bakarrik erabiltzen dudalako, eskulturaz gain beste hainbat bitarteko erabiltzen baititut. Kontua da eskulturarena den arazo bat nirea bezala hartzen dudala, batez ere genealogia guzti hori nire gain hartzen dudalako, arazo denez gero, herentzia bat bezala. Guztia da Oteiza, Txillida, Basterretxea, Ibarrola... Hor eratzen delako eskulturaren funtzio publikoaren definizioa eta abangoardia den arteko harreman oso problematikoa, baina niretzako oinarrizkoa dena.
Eskulturastearen lehiaketaren epaimahaian izan zara. Proposamen berriak saritzeko joera hartu duzue.
Berritzat jotzen diren praktikak ez dira hain berriak. Arte garaikidearen azken 30 urteetako diskurtsoan aurrekariak eta adibideak badaude. Eskultura publikoaren problema garatu izan denean, badira zenbait irtenbide erabili izan direnak. Ez da hain berria, ez da hain esperimentala, ez dira proiektuak itsuan dabiltzanak. Kontua ez da hainbeste berria eta zaharra, kontua da tradiziotik dakarkigun eskulturaren interpretazio itxi hori. Hori da arazoa. Aurretik euskal eskulturaren definizio bat jartzen baldin badugu, aurreiritzi bilakatuko da. Aukeratu diren proiektuak bere logika eta bere tradizioa duten lanak dira, baina gertatzen da guri arrotz egiten zaizkigula. Honek guztiak eskultura publikoaren funtzioarekiko hausnarketa dakar eta hori da egin behar dena. Ni pertsonalki desiratzen nengoen eskultura tradizio baten barrutik egindako hausnarketa bat ikusteko, eta eskulturaren barrutik arazo hori askatzeko gai zen lan bat identifikatzeko. Ez dut aurkitu, baina ez Tolosan bakarrik, ez dut inon aurkitzen. Oso zaila da, baina hori da gure lana: eskulturaren praktika bat bere buruari galdetuko diona bere funtzioaz, bere testuinguruaz, bere beharraz.
Zer iruditzen zaizu Eskulturastea ekimena?
Oso berezia da, eta ezin da ulertu Tolosaren berezitasun batzuk ulertu gabe. Eskertzekoa da ekimen hau eta ilusio handiz hartu dut parte.