Euskaraz bizitzeko hautua

tolosa 2012ko irailaren 12a

Tolosako Aitzol udal euskaltegiak ibilbide oparoa du. 1982an hasi zen eskolak ematen eta ordutik hona ehunka ikasle pasa dira bere ikasgeletatik euskara ikasteko. Hizkuntza ikasteaz haratago doa, hala ere, euskaltegia, euskaraz bizitzeko aukera ere ematen baitu zentroak.

Xanti Larrarte, Carmen Eizmendi, Josean Ariceta, Joxe Mari Lopetegi, Rosa Gutierrez, Begoña Gabarain eta Mari Jose Sarasola dira horietako batzuk. Ikasle hauek, beste lau kiderekin batera, pasa den ekainean amaitu zuten alfabetatze ikastaroa. Hori ere badu eta, Aitzolek; euskaraz idazten eta irakurtzen ikasteko eskolak. Pili Otaegi da irakaslea, eta guztiak «oso motibatuta» joaten direla dio. «Normala da motibatuta etortzea. Orokorrean

maila honetan, jende helduagoa etortzen da, izan ere, gazteak alfabetatuak daude, eta lanera etortzen dira, ez dute denbora galdu nahi», dio irakasleak.

Alfabetatzeko eskoletara joateko hautua hainbat arrazoirengatik hartu zuten aipatu ikasleek. Xanti Larrartek, esaterako, ez zuen euskaraz idazten ikasteko aukerarik izan eta horregatik animatu zen: «Hitz egiten jakinda ere, idazten hasterakoan konturatzen zara ez dakizula hitzak non hasi eta bukatzen diren, batzuetan behintzat. Bi urtetan horretara etortzen gara, falta zaigun hori ikastera».

Carmen Eizmendik ere betidanik hitz egiten du euskaraz, baina  lagun artean gaztelania erabili izan du gehiago, «horregatik etorri nintzen Aitzolera, euskaraz idazten eta irakurtzen trebatzeko, eta batez ere, ohitura hartzeko». Gainontzeko ikasleen esperientzia ere antzekoa da, bi

salbuespen izan ezik; Begoña Gabarain orain lau urte hasi zen euskaraz ikasten, eta Rosa Gutierrez Granadakoa (Andaluzia, Espainia) da, eta beraz, orain gutxi hasi zen hau ere, euskara ikasten, baina oso argi du: «Hemen integratzeko euskaraz egitea ezinbestekoa da, eta horregatik hasi nintzen ikasten, euskaraz bizi nahi dudalako».

Euskara eta komunikabideak

Alfabetatze eskolak apiriletik ekainera bitartekoak dira, bi urte dira, eta astean hirutan elkartzen dira. Gaika egiten dute lan, hau da, irakasleak gai baten inguruko txosten modukoa ematen die ikasleei, eta hauek txostena irakurri eta ulermena lantzen dute. «Gai jakin baten inguruko idatzia irakurtzen dugu lehenik, eta gero horren inguruko galderak erantzuten ditugu, beste hainbat ariketa egiten dugu, idazlan bat...», azaldu du Aricetak. «Oso eskola praktikoak dira, asko hitz egiten dute, eta asko ikasten dute. Ni behintzat oso gustura nago ikasi dutenarekin», azaldu du Otaegi irakasleak.

Ikasle eta irakaslearekin bilduta, argi ikusten da giro ona dutela denen artean; asko hitz egiten dute, ez dute iritzia emateko inongo arazorik, eta hori ere antzematen da beren lanetan. «Eztabaida asko izaten ditugu; egunkariko albisteen inguruan hitz egiten dugu beti eskolak hasi baino lehen, eta horrela ere ikasten da, guri behintzat asko laguntzen digu», esan du Larrartek. Komunikabideekin, hala ere, hartu-eman berezia dute, izan ere, batzuetan idatziak ez dituzte ulertzen. «Izan daiteke hizkuntza jasoa darabiltelako, baina, batez ere, ohitura faltarengatik da. Hori baita zailena: ohiturak aldatu, eta euskaraz bizitzea», dio Gabarainek. «Eskola hauetara etorri aurretik ez genuen euskaraz irakurtzeko saiakera ere egiten, nahiz eta euskaraz jakin, eta orain bai», gaineratu du Jose Mari Lopetegi ikasleak. Zailena, hala ere, deklinabidea, aditzak... dira, eta denetan beldurgarriena,  idazlana idaztea dela diote. «Hitz egiterakoan ez zara konturatzen, baina idazlana idazten hasterakoan... orduan komeriak! hor konturatzen zara non dauden  zure akatsak, zer esaten duzun ondo, eta zer gaizki... irakasleak idazlanak zuzentzeko errotuladore berdea erabiltzen du, eta beti esaten dut gauza bera: gure idazlanek zuzendu eta gero belazea ematen dutela!», gaineratu du Lopetegik.

Akatsak akats, gustura amaitu dute ikasturtea eta ikasleek euskaraz bizitzeko beste urrats bat eman dutela nabarmendu dute ikasleek: «Oso eskola dinamikoak izaten dira eta asko ikasten da, jendea animatu dadila alfabetatu eta dena euskaraz egitera, merezi du eta».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!