Tolosako Udaleko gobernu batzarrak eraso sexisten aurkako mezua kaleratu du, irailaren 2ko gertaeren harira: «Udalerrian izan zen eraso sexistaren aurrean, gaitzespen eta salaketa irmoena helarazi nahi dugu, eta elkartasuna eta dolumina adierazi emakume horri eta bere hurbilekoi».
Tolosako Udaleko gobernu batzarra iragan ostiralean elkartu zen, eta bertan, hainbat puntuko adierazpen instituzionala onartu zuen. Alde batetik, indarkeria matxistaren «erabateko arbudioa», eta bestetik, tolosarrei indarrak biltzeko ahalegina eskatu zien: «Emakumeen aurka eragindako indarkeria-adierazpen oro salatuz eta indarkeria horren aurka borrokatzeko emakume eta gizonen konplizitatea bilatuz».
Gobernu batzarrak borrokan jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen, «sentsibilizazio, prebentzio eta hezkuntza arloan hainbat ekimen eta jarduera bultzatuz». Horretarako, talde feministen eta «gaitz hori» desagerrarazteko lanean diharduten erakunde sozialekin elkarlanean ariko direla azaldu zuten.
Genero Indarkeriaren eta Sexu-erasoen Biktima diren Emakumeei Hobeto Laguntzeko Erakunde arteko Koordinaziorako Protokoloa lantzeko eta martxan jartzeko asmoa ere azaldu zuen gobernu batzarrak. Politikoki, berdintasunaren aldeko jarrera aktiboa bultzatu nahi du batzarrak, emakume eta gizonen artean. Bertako kideen esanetan, «politika horiek ere tresna funtsezkoa dira emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko bidean aurrera egiteko».
Murrizketen aurka
Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntzeko, «baliabide eta zerbitzuetan egiten diren murrizketen jarraipena egingo dugu» azaldu zuen gobernu batzarrak. Urratsak emateko prest daudela ere jakinarazi zuten udaleko kideek: «Bidezkoa eta egokia bada, murrizketa horiek salatuko ditugu eskumena duten erakunde eta agintarien aurrean».
Zaintza eta salaketa lan horrek beste helburu bat izango duela ere azaldu zuten: «Emakumeen askatasuna eta eskubideak mugatzeko bestetarako balio ez duten politika murriztaile eta neurriak ezar ez daitezen ahalegintzea». Kaltetako jo zituzten neurri horien artean, ondorengoak aipatu zituzten, besteak beste, «harrera-etxeak ixtea, tratu txarrak jasan dituzten emakumeei laguntzeko neurriak murriztea, abortuaren legearen erreforma, etab.».
«Arazoaren sorburua»
Giza eskubideen urraketarik larrienetakoa da indarkeria matxista Tolosako Udaleko gobernu batzarraren esanetan: «Emakumearen duintasunaren aurkako erasoa da, bai eta gure gizartean indarrean dirauen desorekaren adierazpen bortitzena ere». Arazo ikaragarri konplexua, eta globala dela azpimarratu zuten udal ordezkariek, «mundu osoko emakumeen bizitza mehatxatzen baitu gaitzi horrek, eta haien askatasuna eta eskubideak murrizten ditu». Sorburua «emakume eta gizonen arteko desorekan» oinarritzen dela azaldu zuten. Gauzak argi eta garbi azaltze aldera, arazoaren «sorburua» gizarte harremanak direla aipatu zuten.