Tolosako Aitzol udal euskaltegian matrikula egiteko aukera zabalik dagoela azaldu dute agerraldia eginez Iñaki Irazabalbeitia zinegotziak, Mikel Uzkudun zuzendariak eta Bakarne Telleria irakasleak. Aurten Nik maite dut euskara leloa jarri dute EAEko udal euskaltegiek ikasturtea iragartzeko. "Euskara maitatzea abialeku izan daiteke, eta 'nik euskara maite dut' esan dezakegu, eta sarri esan dezakegu gainera, baina horrekin ez da nahikoa", azaldu du Uzkudunek. "Jende askok esaten du 'nik maite dut euskara', baina zoritxarrez gaztelaniaz ari dira, eta maite duten hori erabiltzeko edo jakiteko ez dute urratsik ematen. Azterketa soziolinguistikoek euskara gero eta jende gehiagok dakiela diote, baina hori ez da islatzen eguneroko erabileran". Uzkudunek euskara maitatzea zer den zehaztu du: "Jakitea eta erabiltzea, edo beste modu batera esanda, dakienak erabiltzea ez dakienak ikas dezan".
Euskaltegiak azken urteetako eskaintza mantenduko duela azaldu du Uzkudunek: "Ohiko aurrez aurreko taldeak ditugu, hainbat erritmorekin eta mailekin. Autoikaskuntza egiteko aukera ere badago, eta ikasle bakoitzari eskaintzen zaio euskara ikasteko aukera pertsonalizatua". Matrikula zabalik dago eta epea hilaren 17a arte da; egun horretan hasten dira eskolak.
Bere aldetik, Iñaki Irazabalbeitia zinegotziak aurtengo ikasturtea berezia dela azpimarratu du, 30 urte betetzen dituelako Aitzol udal euskaltegiak. "Urte guzti horietan milaka tolosar eta Tolosaldeko herritar pasatu dira euskaltegiko geletatik", esan du Irazabalbeitiak, "eta emaitzak hor daude, eta nabarmendu nahiko nuke euskaltegiak duen eskarmentua eta eskaintzen dituen ikastaroen kalitatea". Euskaltegian izena ematera animatu ditu herritarrak. Tolosaldean dagoen euskaltegi bakarra dela zehaztu du eta zerbitzua ez diola bakarrik Tolosari ematen gaineratu du. Aurtengo ikasturterako EAEko udal euskaltegi guztiek logo bateratua egin dutela ere aipatu zuen.
Bestalde, Tolosako eta eskualdeko biztanleek euskara ikasteko aukera bermatzea Tolosako Udalarentzat kostu handia duela esan du Irazabalbeitiak: "Gure departamenduaren aurrekontuaren zati handi bat udal euskaltegiaren jarduerari eustea zuzenduta dago. Euskalduntzea eta alfabetatzea ez da udalaren berezko zeregina, Eusko Jaurlaritzaren zeregina da, eta udalak bere gain hartu badu Eusko Jaurlaritzaren utzikeria historikoagatik da". Joera hori azken hiru urteetan "areagotu" egin dela esan du Irazabalbeitiak: "Udalak HABEtik jasotzen duen ekarpen ekonomikoa gutxitu zen joan den urtean eta aurten ere berriz gutxitu egingo da. Udalak ahalegin berezia egin beharko du berriz tolosarren eta Tolosaldeko herritarren euskara ikasteko eskubidea bermatzeko". Horrez gain, Irazabalbeitiak euskara ikasteko doakotasunaren bidean "atzerapauso" bat izan dela salatu du: "HABEk kendu egin ditu ikasleei ematen dien diru laguntzak, eta horrek kezka sortu du udalean, eragiten duen kalte ekonomikoagatik". Gai horren inguruan, orain gutxi udalak onartutako mozioa ekarri zuen gogora Irazabalbeitiak.