Kontxako Banderarako bigarren jardunaldia irabazteko jomugarekin joango dira Donostiara, igande honetan, Getaria-Tolosako emakumeak.
Bederatzi segundoko altxorra eskuratu zuten Rianxeirako galiziarrek lehen jardunaldian, eta bosgarrenez, banderarik preziatuena hara begira dago.
Galiziarrak baino segundo bat lehenago iritsi ziren balizara tolosar eta getariarrak; ziabogako maniobran, ordea, arazoren bat izan zuten olatuarekin. Galiziarrek, gainera, poparean luze ikusgarria burutu zuten, estropada eremuko errekorra eginez (10:35.64). Gertaera batek zein besteak, bi taldeen arteko aldea handitzea ekarri zuen, eta Larrañagaren iritziz, «aldeak ez ziren bidezkoegiak izan».
Bederatzi segundoko aldea ahaztuta, eta denboraldiko sasoi-punturik onenean daudela nabarmenduz, 2.778 metroko ibilbidean beste hiru traineruak mendean hartzen saiatuko dira igandean, 11:00etan, Getaria-Tolosako emakumeak.
Anjel Larrañaga, Getaria-Tolosa traineruko entrenatzailea
«Zumaiak bere betiko maila eman zuen, denborei begiratuz gero»
Getaria-Tolosa traineruko entrenatzaile Anjel Larrañagak argi azaldu du igande honetan lortu nahi dutena: txanda irabaztea.
Bederatzi segundo daude galiziarren eta zuen artean. Zein helbururekin ureratuko dira neskak igandean?
Gure helburu nagusia txanda bera irabaztea izango da. Joan den astean ziabogan egin genuen akats hari ea buelta ematen diogun, eta galiziarrak mendean hartzen ditugun.
Ziaboga gakoa izan al zen igandean?
Galiziarrek txanda irabazteko gakoa ez zen izan, baina behar bada guk hainbeste segundo galtzearen gakoa bai. Galiziarrek sekulako estropada egin zuten, eta norbere burua aurretik ikustean, betiere errazagoa izaten da arraunkera erosoago eta sendoagoa hartzea. Hala ere, maniobraren ondoren Rianxeirako neskei opari handi samarra egin geniela iruditzen zait, eta behar bada aldeak ez zirela bidezkoegiak izan.
Denboraldiari begira, zumaiarrek maila hobea ematea espero zenuten?
Jende asko hori esaten ari da. Guk egin dugun irakurketa, ordea, bestelakoa da. Zumaiak bere betiko maila eman zuen, denborei begiratuz gero. Akaso ez zuten espero, ez galiziarrek eta ezta guk geuk ere, maila hori ematea. Bai Rianxeirakoak eta bai gu, aurtengo prestakuntzan nahiko berandu ibili gara, eta gure mailarik onena iristear zegoen. Guk hobekuntza nabaritu genuen Euskadiko Txapelketan, eta galiziarrek ere, Zarauzko estropadan gauzak estu jarri zizkieten. Baina pasa den igandean, kale onenetik arituta ere, ez ziren gu eta galiziarrak menderatzeko gai izan.
Bosgarren emakumezkoen Kontxako bandera, bosgarrenez Galiziara bidean doa. Aurten, bereziki, hizpide izan da Rianxeirakoen selekzio izaera. Zuk zein iritzi duzu?
Garbi esan nahi dut, neska galiziarrek hemengo estropadak gipuzkoarrei esker jokatzen dituztela. Gipuzkoan emakumezkoen sei ontzi osatzen ditugu, eta sei ontzi hauek ematen dute aukera, Gipuzkoako Liga jokatzeko, Euskotren Liga jokatzeko eta Kontxako Bandera jokatzeko. Galiziarrek, ordea, ontzi bakarra osatzen dute, eta ez neska galiziarren selekzioarekin bakarrik; Galiziaren izenean etortzen dira, baina Espainia osoko emakumeak fitxatzen dituzte trainerurako.
Emakumezkoen arrauna sustatze horretan honek zer eragin du zure ustez?
Inongo mesederik ez dio egiten. Kontxako bandera sari handia da, eta guztion nahia ere bai. Baina emakumezkoen arraunari begira, okerreko erabakia iruditzen zait galiziarrena. Herrietako ontzi eta talde txiki horiek guztiak desagertaraztea lortzen da horrelako gauzekin. Pentsa, Gipuzkoan adibidez, Getariako bi neska, Orioko bi, Zumaiako lau eta abar aukeratzen hasiko bagina; talde bakarra aterako litzateke, eta Gipuzkoako taldeek ezingo lukete parte hartu.