Aurri egoeran zegoela eta, Tolosako udalak bere gain hartu ditu eraiste lanak, Erretengibelen bitartez
Tolosako Korreo kaleko 23. zenbakiko eraikina eraitsi zuten abuztuan, bere egoera txarra medio. Erretengibeleko arduradunek azaldu dutenez, eraikina garbitzen ari dira orain langileak.
Aipaturiko eraikina aurri egoeran zegoen, eta udalak etxea eraisteko agindu zien jabekideei. Hauek, eraikina bera udalari dohaintzan emateko proposamen idatzia aurkeztu zuten, Tolosako Udalak eraiste lanak bere gain hartzearen truke.
Egoera honen aurrean, udaleko Hirigintza Saileko buruak eta Hirigintza Batzordeak eraikinaren inguruko txostena aurkeztu zuten. Horrela, udaleko gobernu batzarrak eraikina dohaintzan hartu eta eraiste lanez arduratzea erabaki zuen; 39.184,25 euroko kostua izango dute lanek, eta Erretengibel Udal Sozietatea arduratuko da guztia kudeatzeaz.