Tolosako Udalbatzan PSE-EEko bozeramailea den Jose Ignacio Asensiok genero indarkeria arbuiatu du eta «herrian izan den azken indarkeria matxista kasua» gaitzetsi du, igande gauean 28 urteko gazte bat ustez bere bikotekidea erasotzeagatik atxilotu zutela gogora ekarriz. Asensiok emakumea «lehenbailehen osatu dadila» espero du, eta PSE-EEren «solidaritatea eta babesa» agertu du.
Ohar baten bitartez, Asensiok azaldu du indarkeria matxistari «aurre egin» behar zaiola, eta gizarteari horren aurkako «gaitzespen publikoa helaraztea garrantzitsua» dela nabarmendu du. «Gaizki tratatzea ez da zerbait pribatua, gizartearen arazoa da, eta pertsona eta erakunde bakoitzak konpromisoa du emakumeek sufritzen duten indarkeriaren aurkako borrokan», esan du PSE-EEko bozeramaileak.
Horrez gain, Raxoiren gobernua egiten ari den «murrizketa politika» kritikatu du Asensiok: «Genero indarkeria prebenitu eta horren aurka egiteko politiketan egiten diren murrizketak arduragabeak eta krudelak dira».