Giroa irabazle Udako Azken Festan

Imanol Garcia Landa 2012ko irailaren 4a

Udako Azken Festa «arrakastatsua» izan dela nabarmendu dute antolatzaileek. Ibon Leundak, tabernarien ordezkaria Tolosa&CO elkartean, azaldu duenez, «festa honen helburua giroa sortzea da. Udako oporraldiei giro onean amaiera ematea. Horregatik boleibol txapelketan herrikoek parte hartu behar zuten eta taldeak mistoak egitea erabaki da». Kuadrillen arteko txapelketa izan dela esan du Leundak eta larunbat gauean afariekin-eta giro on hori luzatu egin zela gaineratu du.

Guztira hamasei taldek parte hartu dute boleibol txapelketan. Irabazlea 19-90 izan da, Solana 4ean afaria irabaziz. Bigarren sailkatua 19-90 Tostada, 19-90an afaria irabaziz, eta hirugarrena Orbela taldea izan da, Orbela tabernan afaria eskuratuz. Euskal Herria plazan jokatu da txapelketa eta aurten joko sistema aldatu egin da. Parte hartzaileak lau taldetan banatu dira eta talde bakoitzak gutxienez hiru partida jokatu ditu. «Jokatzeko modu horren bitartez, aukera gehiago izan dute taldeek eta ikusle gehiago ere erakarri ditu», azaldu du Leundak. Datorren urtean ere festa antolatzeko asmoa dutela esan du.

Bestalde, Tolosako Udalak azpiegitura muntatzeko emandako laguntza eskertu du Leundak, eta baita Keler etxeak eta honen banatzailea den Villanueva Ardoak ere festa babesteagatik. Horrez gain, sariak eman dituzten tabernen eta Shanti Kirolak dendaren laguntza ere nabarmendu du. Boleibol txapelketaz gain, futbol txapelketa jokatu zuten hondar gainean gaztetxoek, 3x3 formatuan, igande arratsaldean. Zortzi talde aritu dira eta Zuloaga Txiki izan da lehiaketa irabazi duena. Lehen bi taldeek Shanti Kirolakek emandako baloiak jaso dituzte sari moduan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!