Alemaniako Karlsruheko CoroPiccolo Ganbera Abesbatzak, Tolosako Orfeoiak gonbidatuta, Tonos Angelicales izeneko kontzertua eskainiko du datorren asteartean, hilak 31. Tolosako Santa Klara komentuaren elizan izango da emanaldia, 20:30ean. Aurten 400 urte betetzen dira klaratarrek Tolosan komentua eraiki zutela, eta ospakizun horren barruan antolatu dute kontzertua. Tolosako Orfeoitik azaldu dutenez, goi mailako abesbatza da Santa Klaran entzun ahal izango dena.
CoroPiccolo Ganbera Abesbatza hainbat kontzertu ematen ari da Europan zehar eta Tolosakoa horietako bat izango da. Emanaldian Barrokoko maisuen eta konpositore erromantikoen obrekin batera gaur egungo konpositoreen musika modernoa eskainiko dute. Egitarauan Vulpius eta Schein moduko Barrokoko maisuen obrak eta Rheinberger, Mendelssohn edo Reger moduko konpositore erromantikoen obrak izango dira. Entzungo diren obrarik modernoenak Martin, Eben eta Rautavaara konpositoreenak dira. Atsedenaldietan Theresa Fritz txirula jotzaileak txirularako zenbait pieza joko ditu.