Ereite berriro indarra hartzen ari da

Imanol Garcia Landa 2012ko uztailaren 25a

Hiru urte inguruko geldialdiaren ondoren, Ereite elkarte kulturanitza martxan jarri da berriro. Eskualde izaera du elkarteak eta Tolosan du egoitza, Tolosaldea Garatzenen ondoko eraikinean, 28 Kanalaren ondoan, eta Larramendi kalean ere bulegoa dute. Orain gutxi ate irekien jardunaldia antolatu zuten kideek eta larunbat honetarako afaria antolatu dute elkartean.

Zuzendaritza batzorde berri bat osatu da, eta Rosalia Fierro da bertako lehendakaria eta Mateo Sanchez da lehendakariordea. «Ikusi genuen Ereite elkartea eramaten zuenarentzat lan handia zela, eta inguruan laguntzen ari zirenak beraien herrialdera joan behar izan zuten», azaldu du Fierrok, eta gaineratu: «Oraingo zuzendaritzan gaudenok garbi ikusten dugu lana banatu egin behar dugula elkarteak martxan jarraitzeko».

Ardura hori hartzeko arrazoietako bat, Fierrok azaldu duenez, elkartean «oso gustura» sentitu direla izan da: «Oso une onak izan ditugu, eta tristea iruditzen zitzaigun hori galtzea». Sanchezek gaineratu duenez, «Ereiteren jarduera geldituta zegoen, baina ikusten genuen lokal eder bat zegoela, bulegoa ere bai, eta pena bat zela hori galtzea».

Egun zuzendaritzan daudenen zenbaitzuen artean hitz egiten hasi ziren, elkartea berriz martxan jartzeko. «Hasiera batean ezkortasuna jarri zen agerian», dio  Sanchezek, «aurretik ere hainbeste urtetan proba egin zela eta ez zuela emaitzarik eman. Baina niri baikorra izatea gustatzen zait, eta elkartea martxan jarri behar genuela eta ikusiko genuela zer gertatzen zen. Ate irekien eguna egin genuen eta dagoeneko 36 bazkide daude elkartean, eta badakigu jende gehiagok ere interesa duela elkartean parte hartzeko».

Sanchezek gaineratu duenez, «Ereite indartzen hasi da, eta elkarte kulturanitza denez, hainbat herrialdetako bazkideak ditugu, tartean Tolosaldekoak bertakoak». Larunbaterako afarian jende asko izango direla dio, eta hor ere bazkide izateko aukera izango dela.

Kulturaniztasuna bultzatzea

Elkartearen helburuetako bat kulturaniztasuna bultzatzea da. Bestetik, eskualdera etortzen diren etorkinei laguntzea. Fierrok azaldu duenez, «jendeari elkartetik esaten diogu guk ez diogula paperik emango, baina bideratu ditzakegu horretan ari diren pertsona eta elkarteengana». Elkartearen aurreko garaian ere bideratze hori egiten zutela eta horrekin ere jarraitu nahi dutela esan du.

Horrez gain, etorkinak ez daitezela bakarrik sentitu lortu nahi dute elkartetik. «Badago jendea etxe batean lana egin eta bizi direnak», dio Fierrok. «Asteburua iristen denean ez dakite nora joan, eta elkarteak duen egoitzak, hain justu, elkartzeko balio dezake».

Sanchezek beste helburu bat nabarmendu du: «Eskualdean daude hainbat jardueretan parte hartu nahi dugu, integrazioa bultzatzeko. Ni, esaterako, oso onartua sentitzen naiz Tolosan». Erakundeekin harreman dutela azaldu dute, eta besteak beste, elkartean bertan egiten ari den Nik ere Euskaraz Lanean ikastaroa aipatu dute, eta bertan zenbait kidek parte hartzen dutela diote. Banaiz Bagara elkarteak euskara ikasteko antolatzen duen mintzalagun egitasmoan ere hainbat kidek interesa agertu dutela gaineratu du Fierrok. «Kulturaniztasuna horixe da, kulturetara irekitzea», zehaztu du Sanchezek. Hala, elkartearen bitartez bertakoek ere beste herrialdeen berri izan dezaketela diote.

Aurrera begira irekita daude jarduerak antolatzeko. Besteak beste, herrialde bakoitzeko sukaldaritza ikastaroak antolatzeko asmoa dute.

Mexiko eta Hondurasko jakiak

Larunbateko afarira irekia da; Ereiteko bazkide izan ala ez joan daiteke. Fierro mexikarra da izatez eta Sanchez hondurastarra. Hain justu, bi herrialde horietako jakiak prestatuko dituzte lehen afari horretarako. Bazkideek bost euro ordaindu behar dituzte eta bazkideak ez direnak zortzi euro. «Batez ere ahoz ahokoak funtzionatzen du», dio Fierrok, baina, noski, Ereiteko zenbakira deitu daiteke, 685 75 05 61, edo multiculturalereite@yahoo.es helbidera idatzi.

Elkartearen aurreko garaian ere afariak egiten ziren. Orduan emakumezkoek antolatzen eta parte hartzen zuten, eta emakumeen topaketa deitzen zioten. Aurrera begira emakumezkoentzat afariak antolatu nahi dituzte, edozeinentzat irekita dauden afariekin tartekatuz. Larunbatekoa guztientzat antolatu dute, elkarteari lehenengo bultzada eman, elkarren artean ezagutu eta bazkide berriak egiteko.

Lehenengo afari horretan erabakiko da hurrengoa noiz egingo den eta zeinek prestatuko duen. Afaria egunean bertan ordainduko da. «Prezio sinbolikoa da, gastuei aurre egiteko, eta gainera bistan da egoera ekonomikoa ez dela erraza», esan du Fierrok. «Garrantzitsuena jendea gustura egotea da. Musika ere jarri ohi dugu, giroa sortzeko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!