Martxoan proiektua aurkeztu zutenez geroztik, zazpi lokal eskuratu ditu udalak
Pasa den martxoan Tolosa & Co elkarteak eta Tolosako Udalak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, aurkeztutako Tolosa Merkat egitasmoa bigarren fasera iritsi da, eta abian jarri dute ideien lehiaketa.
Euskal Autonomia Erkidegoan aitzindaria den proiektu hau, merkataritza jardueretatik kanpo daude lokalak biziberritzeko, eta krisi garaian enplegua sustatzeko helburuz sortu zen, eta hutsik zeuden lokalak eskuratzea izan da udalaren lehen egitekoa, hauek ondoren alokairuan uzteko.
Momentuz, zazpi dira lortu dituzten lokalak: 4 Kale Nagusian daude, eta beste hirurak, Foruen etorbidean, Laskurain kalean eta Lizardi plazan.
Ideiak aurkezteko garaia
Egitasmoaren bigarren fasean, ekintzaileek beren proposamenak aurkeztu beharko dituzte; merkataritzaren, elikagaien nahiz arte birziklapenaren sektorekoak izan daitezke.
Lokalak esleitzeko, hainbat irizpide kontuan hartuko dituzte: originaltasuna eta berrikuntza, jarduera martxan jartzeko aurreikusitako inbertsioa, proiektuak sortuko dituen lanpostu kopurua eta udalari ordiandu beharreko errenta handitzeko eskaintza, besteak beste.
Datorren irailaren 20ra bitarte aurkeztu ahal izango dira Tolosa Merkat-eko proposamenak, eta informazio gehiago nahi duen edonork, www.tolosamerkat.com webgunera jo dezake.