Tolosako azken osoko bilkuran hiri hondakinen gaia jorratu dute eta Bilduk eta Aralarrek onartutako mozioan helburu jakin batzuk bete behar dituen bilketa sistema ezarriko dela zehaztu dute. Batetik, «hondakin sortzailearen erantzukizuna ezinbestekoa denez», hondakinak sailkatzea eta kanporatzea, «borondatezko ekintza baino, herritar guztion ardura eta betebeharra» izango dela dio mozioak, eta, bestetik, gaika bilduko diren hondakin kopurua zenbatekoa nahi den izatea zehaztu du: «2014. urtearen bukaeran, gutxienez, hondakinen %70 gaika bilduko da, helburua delarik 2016 urterako %85 gaika biltzea». 2013ko bukaera baino lehen Tolosako udalerrian gaika bilduko diren hondakin motak zehaztu ditu testuak: papera, ontzi arinak eta plastikoak, beira, materia organikoa eta sukaldeko olioak.
Onartutako mozioaren arabera, «hautatzen den bilketa ereduak, edozein dela ere, betebehar horri erantzun beharko dio eta hondakinak nahastuta kanporatzea eragotziko du». Bestalde, hondakinak egoki sailkatzen direla bermatzeko, ikuskaritza-sistema bat izango duela zehaztu du mozioak, eta bilketa sistema «etengabeko hobekuntza prozesu baten bidez doitzeko eta hobetzeko modukoa» izango dela. Izan ere, helburuak azaldu badira ere, ez da bilketa mota nolakoa izango den zehaztu. Bilduk eta Aralarrek onartutako testuak dioenez, «bilketa eredu berriaren proposamena Tolosaldeko Mankomunitatearekin elkarlanean egingo da». Horretarako, «hondakinen kudeaketan aditua den eta Gipuzkoan hiri hondakinen kudeaketan interesik ez duen enpresa bati» eskatuko zaio proposatu dezala finkatutako ezaugarriak betetzen dituen bilketa eredua.
Proposatutako bilketa eredua ezartzeko erabakia osoko bilkurak hartuko duela zehaztu du mozioak puntuetako batean. Hurrengoan, «hondakinen kudeaketa egokirako lehen eragile nagusia herritarra da eta ondorioz, bidea herritarrekin batera egin behar da», dio mozioak, eta gaineratu: «Herritarrek parte hartze prozesuen bidez proposaturiko ereduaren inguruan erabakitzeko aukera bermatuko da». Horrez gain, udalak «Tolosa zero zabor lurraldea bihurtzeko bidean etengabeko urratsak» emango dituela zehaztu du testuak.
EAJk eta PSE-EEk mozio horren aurka bozkatu dute, eta alderdi jeltzaleak aurkeztutakoaren alde egin dute. Mozio hori ez da aurrera atera Bilduren eta Aralarren aurkako botoengatik. EAJren mozioak bosgarren edukiontziaren alde egin du. «Edukiontzien bidez hondakinen
bilketak badu oraindik inplementagarriak zaizkion neurri ezberdinen bidez beste edozein sistemak lortu ditzaken emaitzak lortzeko aukera garbia», dio testuak. Helburu hauek zehaztu ditu: «Gaikako bilketan %65a lortzea izango da 2018rako eta %75a 2020rako Gipuzkoako Foru Aldundiak dioen eran». EAJk bere apustua zehaztu du: «Pertsonen konfiantzan oinarritutako den sistema bat, eraginkorra izango dena, garbia izango dena, estetikoa izango dena eta ekonomikoki bideragarria izango dena».
«Denok birziklapenaren alde»
Eztabaidarako tartean Aralarko Inaki Irazabalbeitiak hitz egin zuen lehenik, eta osoko bilkuran aurretik izandako bileretan akordiorik ez lortu izanaz kexatu zen: «Zurrunbilo politikoaren erdian dago gaia eta hori da adostasuna ez lortzeko arazoa». Osoko bilkura horretan ez zela hartuko erabiliko den sistema mota zehaztu zuen: «Hori adituek proposatuko dute».
PSE-EEko Jose Ignacio Asensiok Bilduren eta Aralarren mozioan ez zela atez atekoa aipatzen, baina testuan zehazten diren ezaugarriak bilketa sistema horrekin bat egiten dutela esan zuen. «Iragarritako inposaketa baten kronikaren aurrean gaude», gaineratu zuen Asensiok. Tolosa Txukunek jasotako sinadurak ekarri zituen gogora, eta bosgarren edukiontziaren alde egin zuen.
EAJren aldetik Olatz Peonek hitz egin zuen, eta «ahalik eta gehien birziklatzearen alde» daudela esan zuen. Gaiaren inguruan politikariak «itxura kaxkarra» ematen ari direla gaineratu zuen. «Bosgarren edukiontziarekin benetan emaitza onak lortu ditzakegu», esan zuen, eta Bilduk eta Aralarrek proposatutakoaren bideragarritasun ekonomikoa eta soziala erakustea falta zela adierazi zuen. Gipuzkoan «bosgarren edukiontzia martxan ez duen eskualde bakarra» Tolosaldea dela ekarri zuen gogora Peonek.
Bildutik, lehenbizi Hasier De los Riosek hitz egin zuen, «denok berdinaren alde gaude, baina ez gaude ados metodoan» esanez. «Denok gaude birziklapenaren alde eta tolosarrengan konfiantza dugu bilketa ondo egingo dela», gaineratu zuen. Aldaketak zalantzak ekartzen dituela eta herritarrei esfortzu bat eskatuko zaiela gaineratu zuen.
Ibai Iriarte alkateak ere hitza hartu zuen eta hondakinen gaiaren inguruan «hainbeste buelta» ematea «lotsa» ematen ziola esan zuen. Bestalde, gai hori «Bilduri izena kentzeko» erabili dela esan zuen: «Ezin da kriminalizatu gai hori arma bezala erabiliz». Horrez gain, Bilduk eta Aralarrek aurkeztutako mozioak «anbizio handiagoa» duela esan zuen. Eztabaida askoz sakonagoa dela esan zuen Iriartek: «Kontsumo eredua dago auzian. Mundu mugatu batean bizi gara, eta ezin dugu mugagabeko hazkuntza bultzatu».
Osoko bilkurara joan zen herritarren artean Tolosa Zero Zabor eta Tolosa Txukun taldekoak izan ziren. Tolosa Zero Zaborrek bat egin zuen Bilduren eta Aralarren mozioarekin. «Egoera honetan aldaketei ez diegu beldurrik izan behar, gure ohituretan aldaketa txikiak arazo ugari eta larriren irtenbidea izan baitaitezke». adierazi zuen taldeak. Zero Zabor helburua lortzeko bidean lehentasuna «hondakinen murrizketak» duela esan zuen, «ondoren berrerabilpenak, eta segidan birziklapenak». Helburu horiek maila berean ezin direla parekatu gaineratu zuen.
Tolosa Txukun plataformak esan zuenez, hondakinen gaiari buruz aritzeko «teknikarik daude, eta alde bakoitzak ekarri ditzake bereak». Bilketa sistema zehazteko osatzen den lan taldean parte hartzeko nahia azaldu zuen. Bestalde, prest azaldu zen jaso dituzten sinadura kopurua erabiltzea herri kontsulta bat eskatzeko.
Osoko bilkuran hondakinekin zerikusia zuen beste mozio bat eztabaidatu zen, EAJk aurkeztutakoa, eskualdeko harrobi eta meategiak «estabilizatutako zabor-fardoen biltegi kontrolatu gisa» ez erabiltzeko eskatu zuena. Horrez gain, udalerrian dauden harrobi eta meategi guztiak barneratu nahiko lituzkeen Lurraldeko Plan Sektorialari «dagozkion alegazio guztiak egiteko prestatzea» eskatzen zaio testuan udalari, «Tolosan hondakinen isurketa eta lurperatzea ekiditea helburu izanik». Mozioa ez zen onartu Bilduren eta Aralarren aurkako botoekin. EAJz gain, PSE-EEk ere testuaren alde bozkatu zuen.
Udal langileen hitzarmena
Beste puntuetako bat udal gobernuaren eta udal langileen artean adostutako lan hitzarmenaren berri ematea eta horri udalbatzak bere konpromisoa azaltzea eskatzen zuena izan zen. Lan hitzarmenean adostutakoak ezin dira egun praktikan jarri Espainiako Gobernuak hartutako erabakien ondoren, eta beraz, aukera dagoenean hartutako erabakiak martxan jartzeko konpromisoa eskatu zen osoko bilkuran.
Bilduk eta Aralarrek aldeko jarrera azaldu zuten. Bere aldetik, EAJk «beti langileen alde» egingo duela azaldu zuen, eta jarrera azaldu aurretik aztertu nahi duela azaldu zuen. Bere aldetik, PSE-EEk Espainiako Gobernuak hartutako erabakien aurka zegoela esan zuen, eta jarrera agertzeko ere hitzarmena aurretik aztertu nahi zuela esan zuen.