Bilduk eta Aralarrek 2016rako hondakinen %85 gaika biltzea helburu duen sistema ezartzea erabaki dute

Imanol Garcia Landa 2012ko uztailaren 24a

Tolosako azken osoko bilkuran hiri hondakinen gaia jorratu dute eta Bilduk eta Aralarrek onartutako mozioan helburu jakin batzuk bete behar dituen bilketa sistema ezarriko dela zehaztu dute. Batetik, "hondakin sortzailearen erantzukizuna ezinbestekoa denez", hondakinak sailkatzea eta kanporatzea, "borondatezko ekintza baino, herritar guztion ardura eta betebeharra" izango dela dio mozioak, eta, bestetik, gaika bilduko diren hondakin kopurua zenbatekoa nahi den izatea zehaztu du: "2014. urtearen bukaeran, gutxienez, hondakinen %70 gaika bilduko da, helburua delarik 2016 urterako %85 gaika biltzea".

Onartutako mozioaren arabera, "hautatzen den bilketa ereduak, edozein dela ere, betebehar horri erantzun beharko dio eta hondakinak nahastuta kanporatzea eragotziko du". Bestalde, hondakinak egoki sailkatzen direla bermatzeko, ikuskaritza-sistema bat izango duela zehaztu du mozioak, eta bilketa sistema "etengabeko hobekuntza prozesu baten bidez doitzeko eta hobetzeko modukoa" izango dela. Izan ere, helburuak azaldu badira ere, ez da bilketa mota nolakoa izango den zehaztu. Bilduk eta Aralarrek onartutako testuak dioenez, "bilketa eredu berriaren proposamena Tolosaldeko Mankomunitatearekin elkarlanean egingo da". Horretarako, "hondakinen kudeaketan aditua den eta Gipuzkoan hiri hondakinen kudeaketan interesik ez duen enpresa bati" eskatuko zaio proposa dezala finkatutako ezaugarriak betetzen dituen bilketa eredua.

Proposatutako bilketa eredua ezartzeko erabakia osoko bilkurak hartuko duela zehaztu du mozioak puntuetako batean. Hurrengoan, "hondakinen kudeaketa egokirako lehen eragile nagusia herritarra da eta ondorioz, bidea herritarrekin batera egin behar da", dio mozioak, eta gaineratu: "Herritarrek parte hartze prozesuen bidez proposaturiko ereduaren inguruan erabakitzeko aukera bermatuko da". Horrez gain, udalak "Tolosa zero zabor lurraldea bihurtzeko bidean etengabeko urratsak" emango dituela zehaztu du testuak.

EAJk eta PSE-EEk mozio horren aurka bozkatu dute, eta alderdi jeltzaleak aurkeztutakoaren alde egin dute. Mozio hori ez da aurrera atera Bilduren eta Aralarren aurkako botoengatik. EAJren mozioak bosgarren edukiontziaren alde egin du. "Edukiontzien bidez hondakinen bilketak badu oraindik inplementagarriak zaizkion neurri ezberdinen bidez beste edozein sistemak lortu ditzaken emaitzak lortzeko aukera garbia", dio testuak. Helburu hauek zehaztu ditu: "Gaikako bilketan %65a lortzea izango da 2018rako eta %75a 2020rako Gipuzkoako Foru aldundiak dioen eran". EAJk bere apustua zehaztu du: "Pertsonen konfiantzan oinarritutako den sistema bat, eraginkorra izango dena, garbia izango dena, estetikoa izango dena eta ekonomikoki bideragarria izango dena".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!