Emakunderen diru laguntzarekin, Tolosako Udaleko teknikariek eta Betean auditoriak egingo dute ebaluazioa
Tolosako Udalak, 2009an onartutako II. Berdintasun Plana ebaluatze bidean, emakume elkarteen, eragileen nahiz herritarren laguntza eskatu du, aurrera begira antolatuko dituzten egitasmoetan parte hartzeko.
Etorkizuneko diagnostikoak identifikatzea eta parekidetasuna errealitate bihurtzeko programak garatzea da helbururik behinena: «Dei egiten diegu aurrera eraman nahi ditugun egitasmoetan lagun dezaten, ahal duten neurrian, galdera sortei erantzunez eta modu aktiboan parte hartuz». Ebaluaketaren asmoa azaltzeko agerraldia egin dute Miren Urkola Parekidetasun zinegotziak, Agurtza Zubero udal teknikariak eta Betean auditoriako Rakel lopez eta Iñigo Ruiz teknikariek.
Ebaluaketa, aurrera egiteko
2009. urtean berretsi zuen Tolosako udalbatzak, Tolosako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana. Horren aurretik, ordea, hainbat pauso emanak ziren jada: 2000. urtean sortutako Berdintasun Batzordea, 2005. urtean onartutako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana, 2006. urtean Tolosako berdintasun kulturaren inguruan aurkeztutako diagnostikoa, eta 2008an onartutako Berdintasunerako Udal Ordenantza.
Azken honekin, Tolosako Udala aitzindari izan zen Euskal Herrian, eta inguruko administrazioetan ere, generoaren inguruko ordenantza bat sortu zuen lehen udala izan zen.
Azken urteotan burututako lana oinarritzat hartuz, Tolosako Udalak aurrera begira jarri nahi du. Parekidetasun neurri nahiz politikak abian jartzeko, «ezinbestekotzat» jo dute Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II. Planaren ebaluaketa egitea.
2009. urtean hartutako neurriek eraginik izan ote duten jakin nahi dute, besteak beste, eta neurri hauek zenbateraino jartzen diren praktikan.
Horrela beraz, Emakunderen diru laguntzarekin, Tolosako Udaleko Parekidetasun saileko teknikariek Betean auditoria enpresaren laguntza izango dute ebaluatze lanean; jardun hau aldatu egingo dute esparruaren arabera, eta baita ebaluatu ahal izateko tresnak eta metodoak ere.
Modu honetara, galdera sorta bat diseinatu dute udal politikarientzat, eta prestatutako beste galdera sorta herriko emakumeen elkarte nahiz bestelako talde eragileei begirakoa izango dela jakinarazi dute.