Tolosako Berdintasunareko II. Planaren ebaluaketa egiten hasi dira

Imanol Garcia Landa 2012ko uztailaren 20a

Tolosako Udalak 2009an Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana jarri zuen martxan, eta orain, plan horren ebaluaketa egiten hasi dira. Berdintasun neurriak eta politikak egikaritzeko bidean, beharrezkotzat ikusi du udalak ebaluaketa hori egitea. Bide horretan, Betean auditoria enpresaren laguntza izango du udalak.

Alde batetik, udaleko atal bakoitzean ikusiko da zenbateraino bete den planean aurreikusitakoa, fitxa batzuk betez. Bestetik, inkesta batzuk egingo dira, bi esparruri begira: bata, udal politikarientzat; bestea, emakumeen elkarteentzat eta berdintasunaren alorrean zerikusia duten elkarteentzat. Udalak azaldu duenez, ebaluazio proiektu horrek balio behar du, batetik, identifikatzeko etorkizuneko diagnostikoak eta plan sektorialak, eta, bestetik, garatzeko jarduketa eta programak, aurrerapausoak eman daitezen emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunera heltzeko, bizitzako esparru guztietan. Ebaluaketa azaltzeko agerraldian Miren Urkola zinegotzia, Agurtza Zubero berdintasun teknikaria eta Betean enpresako Rakel Lopez eta Iñigo Ruiz izan dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!