Tolosako Musika Bandak, bere udako kontzertuan, dantzarako askotariko doinuak eskainiko ditu, gaur, 23:00etan, Lopez Mendizabal plazan.
Urtero uztaileko gauren batean egiten duten moduan, aurten ere udako emanaldi berezia prestatu dute bandako musikariek, eta Enrike Arostegiren zuzendaritzapean, guztira, hamalau obra entzungai nahiz dantzagai izango dira bertaratuentzat.
Kanpoko eta bertako doinuak
Genero nahiz jatorri askotariko obrak prestatu ditu Tolosako Musika Bandak, gaur gaueko emanaldirako.
Horrela, bertaratuek dantzatzeko moduko abestiak izango dira guztiak.
Kontzertua pasodoble bateik hasiko da; Si vas a Calatayud izeneko Zarzosoren obrarekin hain zuzen. Jarraian, Lorenzo Boccik moldatutako Fiesta interpretatuko dute, eta El Cumbachero, Tico Tico nahiz Brasil eta Mexikoko doinuen artean osaturiko pieza izango da.
Hirugarren obra, hainbat herri kanta euskaldunekin Iñaki Urkizuk moldatutako Jaialdia obra izango da; besteak beste, Guk euskaraz, Maite maite, Oh Peio Peio eta Nere herriko neskatxa maite doinuak entzun ahal izango dira.
Jarraian, Alberto Dominguezek konponsatutako, eta Nachiro Iwai-k moldatutako Frenesi eskainiko dute, eta The Beatles in concert izeneko moldaketa etorriko da ondoren; talde britainiarraren Michelle, Ticket to Ride, Yesterday eta Ob la di ob la da abestiek osatuko dute obra.
Euskal musikara itzuliz, Osokorri taldearen Forjarien kanta ere entzungai izango da, eta Grease filmeko doinuekin amaituko da kontzertuko lehen zatia; Grease, Summer nights, Hopelessey devote to you eta You’re the one that I want eskainiko ditu musika bandak.
Honrando a Navarra izeneko obrarekin hasiko da bigarren zatia, berriro ere pasodobleari bere tartea emanez. Pasodobleari doinu mexikarrek jarraituko diote, Olivadoti autoreak moldatutako South of the rio obrarekin: Cielito lindo, El Choclo, Chiapanecas, La cucaracha, La Violetera, La Sorella eta El Relicario doinuak eskainiko dituzte.
Gero, Abba Gold izenburupean, Dancing Queen, Mamma mia nahiz Fernando abesti ezagunak interpretatuko dituzte, eta Santana etorriko da jarraian, Carlos Santanaren zenbait abesti elkartrukatuz.
Tom Jones abeslariaren doinuei ere eskainiko diete tarterik, Tom Jones in concert moldaketarekin, eta kontzertua amaitzeko, Xalbadorren heriotzean eta La dominguera izeneko jota eskainiko ditu Tolosako Musika Bandak.
Datorren irailaren 14an, Tolosako Garagardo Azokaren harira eskainiko du bandak, hurrengo emanaldia.