Hainbat sindikatu eta gizarte eragilek deituta, Espainiako Gobernuak egin dituen murrizketen aurkako elkarretaratze zaratatsua egin zuten 250 pertsona inguruk Tolosako Trianguloa plazan, herenegun arratsaldean. Aurreko egunean Lanbideren egoitza aurrean egindako elkarretaratzean bezala, Bankarentzat dirua, herritarrontzat pobrezia, murrizketarik ez lelopean egin zuten protesta, eta lapikoak eta txilibituak erabili zituzten zarata egiteko.
Elkarretaratzean parte hartu zuenetako bat Osakidetzan lan egiten duen Kristina Otermin erizaina izan zen. «Espainiako Gobernuak daraman politika horiekin gure lan baldintzak pila bat okertu dira eta horrek zerbitzuaren kalitatean eragina du», esan du Oterminek.
Funtzionariek azken bi urteetan soldatan murrizketak izaten ari direla esan du Oterminek: «Azkeneko neurria aparteko ordainsaria kentzea izan da, baina aurretik ere beste murrizketa batzuk egin dituzte, eta horrek gure eros ahalmenaren %20 galtzea ekarri digu».
Oterminek gogora ekarri ditu jasotako murrizketak: «Soldataren %5a kendu ziguten, bajako egunak ez dizkigute %100ean ordaintzen, ordu gehiago sartu behar ditugu, eta orain aparteko
ordainsari bat kendu digute». Neurri horiekin, ordezkapen gutxiago egiten direla azaldu du Oterminek eta horrek langile bakoitzak gaixo gehiago ikusi beharra eragiten duela nabarmendu du. «Horrela zerbitzuaren kalitatea murriztu egiten da», zehaztu du Oterminek.
Raxoiren gobernuak egindako murrizketek funtzionarioei ez ezik langabetuei, pentsiodunei eta menpekotasunari lotutako diru laguntzak jasotzen dituztenei eragiten die.