Hondakinen inguruko lan mahaia osatzea eskatu du Tolosa Txukunek

Imanol Garcia Landa 2012ko uztailaren 20a

Tolosa Txukun plataformak udalari hondakinen inguruko lan mahaia osatzea eskatuko dio gaur, Ibai Iriarte alkatearekin egingo duen bileran. Patxi Amantegi plataformako kideak azaldu duenez, «ulertzen dugu zaborra arazo bat dela Tolosan eta toki guztietan, birziklapen tasak igo egin behar direla, eta hori aurrera eramateko jendearen inplikazioa beharko dela». Inplikazio hori lortzeko, «ezinbestekoa» iruditzen zaio Amantegiri «denek ongi ikusten dugun zerbait egitea. Horretarako lantalde bat osatu behar da besteen ikuspuntuak jasotzeko eta denen artean irtenbide on bat osatzeko».

Plataformak atez ateko sistemaren aurka jasotako 6.500 sinadura aurkeztu zituen notarioaren aurrean, eta horren egiaztapena aurkeztuko dio udalari. «Notarioaren aurrera sinadurak aurkeztearen arrazoia izan da, alde batetik, kopuru esanguratsua dela iruditzen zaigulako eta, bestetik, denbora gure kontra doalako», esan du Amantegik. Atez ateko sistema martxan jartzeko asmoa duten udalerrietan, «eta oposiziorik ez dagoenetan, egutegia martxan jarri da», esan du. Beraz, Amantegik zehaztu duenez, «garrantzitsua iruditzen zaigu Tolosako biztanle kopuru handi batek dagoeneko adierazten duela atez atekoaren kontra dagoela».

Sinadurak biltzen jarraituko dutela  gaineratu du plataformako kideak: «Ez da horren garrantzitsua adieraztea zenbat sinadura egongo diren, baina kopuru batetik gora kontuan hartzekoa da, eta edozein pauso ematerakoan sinadura horiek kontuan hartu behar dira».

Amantegik gogora ekarri du sinadura bilketarekin lortu nahi dutena: «Birziklapenaren bidean jarraitu bosgarren edukiontzia erabiliz, ez dagoela ados atez ateko sistema ezartzearekin, eta hori ezartzeko ideia balego herri kontsulta egitea».

Bestalde, Amantegik gaineratu duenez, «udalak hainbat mozio eraman ditzake aurrera, baina batzuetan ez da kontuan izaten herritarrek pentsatzen dutena. Botoak eman daitezke mila arrazoiengatik, baina horrelako gai jakin batean izan daitezke bestelako iritziak».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!