Azala, zaindu beharrekoa

Imanol Garcia Landa 2012ko uztailaren 19a

Minbiziaren Aurkako Elkartea hirugarren urtez ari da eguzkitik babesteko kanpaina egiten Tolosan. Usabal kiroldegiko sarreran jarri dute gunea eta atzoko egunaz gain, gaur ere bertan izango dira, 10:30etik 13:30etara. Maider Sierra elkarteko prebentzio arduraduna da Gipuzkoan, eta kanpaina horren helburua «azaleko minbizia gutxitzea» dela zehaztu du.

Sierrak azaldu duenez, «askotan moda ez dator bat osasunarekin, eta eguzkiarekin hori gertatu da. Jendeak beltzarandu nahi du, baina horrek ondorioak ditu». Ondorioen artean, eguzkiko alergiak, orinak eta azaleko minbizia aipatu ditu Sierrak.

Kanpainan informazioa emateaz gain, melanina neurtzen dute, hau da, bakoitzaren azalak eguzkitik babesteko duen ahalmen naturala. Hala ere, Sierrak «beti babestu» behar dela esan du: «Eguzkiaren eta azalaren artean zerbait jarri behar dugu: arropa, krema, eguzkitarako betaurrekoak...». Azalak memoria duela nabarmendu du Sierrak: «Zaindu egin behar da osasuntsu mantentzeko». Bestalde, azalean izan ohi diren orinak begiratu behar direla esan du: «Urtean behin buruko ile azpitik hasi eta oinen puntaraino begiratu behar ditugu, ikusteko melanomarik ote dugun».

Kanpaina arrakasta izaten ari da eta jende dezente izan zen atzo Usabalen informazioa jasotzeko. Gaur beste aukera bat izango da azala nola zaindu behar den jakiteko. Bestalde, aurtengo berritasuna elkarteak 10-13 urte bitarteko gaztetxoentzat smartphonetarako sortu duen aplikazioa da, eguzkitik ondo babesten laguntzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!