PSE-EEk «terrorismoaren biktimek Tolosan duten gunearen, Memoriaren gunearen, egoera txarra» salatu du, Aranburu jauregiaren lorategietan dagoen monolitoaren eta plakaren egoera aipatuz. PSE-EEren ustez, «ez da batere zaintzarik egiten» gune horretan eta Tolosako Udalari gunea konpontzea eta zaintzea exijitu dio.
Gunea «utzita» dagoela esan du PSE-EEk: «Toki guztietatik botilen hondakinak eta zikinkeria dago. Zaindu gabe dago eta belarrek plaka estaltzen dute. Erdian dagoen eskulturako landareak guztiz lehorrak daude, eta hauek bizirik mantentzen zituen ureztatze sistemak ez du funtzionatzen». Tolosak «memoria historikoa berreskuratu behar du, biktimak ez ahazteko», gaineratu du PSE-EEk.
Gunea 2009an inauguratu zenean, «ETAk erail zituen Tolosako 24 biktimen ahaideak izan ziren bertan», esan du PSE-EEk, eta bere ustez, «Tolosak betebehar etikoa eta morala du familia horiekiko, eta hauek egunero onartu eta lagundu behar ditu, terrorismoa herri honetatik alboratzeko». PSE-EEk gaineratu dutenez, gune hori «hausnarketarako da, Tolosako bizilagunek adiskidetzerako duten gogoaren adierazpena».