«Atletismoan norberarentzat da guztia: emaitza onak eta txarrak»

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko uztailaren 19a

Amaia Segurola, korrikalaria

Amaia Segurola (Tolosa, 1988) hamaika kiroletan aritu izan da beti. Duela urte batzuk, ordea, atletismoan buru-belarri hastea erabaki zuen, Tolosa CF talderakin. Honez gain, ordea, Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietan lizentziatua da, eta kirol hezkuntzako ikasketekin ari da orain.

Joan den astean, Gipuzkoako 400 metro hesidunetako errekorra hobetzea lortu zuen tolosarrak, proba 1:00:44ko denboran amaituz. Olatz Ferran atletak 1998an ezarritako marka (1:01:68) gainditzea lortu du tolosarrak, eta oso gustura dago eskuratu duenarekin.

 

Ekaineko lehen asteburuan Mataron (Herrialde Katalanak) lortu zenuen errekorra. Zure ibilbideko lorpen garrantzitsuenetakoa da?

Bai, bai, orain arte lortu dudan hoberena da.

Eta Gipuzkoako errekorra egin izanagatik, orain beste probarik suertatu al zaizu?

Denboraldia uztailean amaituko dugu. Espainiako Txapelketa adibidez, abuztua amaieran da, baina irailean hasten garela kontuan izanda, denboraldia luze egiten da azkenean. Hilabete honetan amaituko dugu, beraz.

Berez, ordea, Espainiako Txapelketarako txartela lortu zenuen Mataron, ezta?

Bai, baina berandu dira, eta gainera, nik lortu dut nire marka. Gustura nago egindakoarekin, eta nahikoa dut honekin.

Nola prestatu zara denboraldi honetan?

Irailean hasten gara, eta entrenamenduak aerobikoagoak izaten dira hasieran. Finean, denboraldi guztia sasoian irauteko oinarria lantzen dugu lehen hilabete horietan. Gero, kanpoan entrenatzen hasten naiz, eta pixkana probak prestatzen hasten naiz: hasieran hesirik gabeko probak egiten ditut, aretoko atletismoan ez baitago 400 metro hesidunetako probarik. 400 metroko proba egiten dut, beraz, hasieran, gero 800 metroetan ere aritzen naiz, eta denboraldia 400 metro hesidunak egiten amaitzen dut.

Eta zenbat denbora eskaintzen dizkiozu prestakuntza honi ?

Entrenamenduak, gutxi gorabehera, bi ordu ingurukoak izaten dira. Batzuetan sei egunetan egiten ditugu entrenamenduak, baina normalean bost egun izaten dira; denboraldiko garaiaren araberakoa izaten da hori, eta hasieran beti ordu gehiago eskaintzen dizkiegu saioei, amaieran baino. Igandeetan atseden eguna izaten da ia beti, eta astean zehar ere, egun bat entrenatu gabe pasatzen dugu.

Atletismoa diziplina handia eskatzen duen kirola al da?

Bai, hala da. Aurten, esaterako, larunbatetan ezin izan dut ia inoiz etorri, ikasketak zirela eta. Ondorioz, igandeetan etorri behar izaten nuen. Bakarrik etorri behar da, eta norbere buruaren ardura da ondo aritzea. Atletismoan norberarentzat da guztia: emaitza onak eta txarrak. Ez da, adibidez, futbola bezalakoa; nik kronometroa izaten dut, eta badakit gauzak ondo edo gaizki egiten ari naizen. Beraz, denbora ona lortu nahi duen korrikalariak lan egin beharra dauka. Entrenatzailea gainean izaten dugu, bai, baina azken finean, norbera da esfortzua egin behar duena.

Zenbat urte daramatzazu atletismoan?

Atletismoa bakarrik egiten, aspaldi hasi nintzen berez; hamar urte inguru nituela hasiko nintzen. Unibertsitate ikasketak zirela eta, 18 urterekin zertxobait alboratu nuen korri egitearena bi urtez, eta iaz ekin nion berriro ganoraz entrenatzeari.

Eta zerk bultzatu zintuen kirol hau aukeratzera?

Ez dakit. Nik beti kirol asko egin izan dut, eta hainbat kiroletan ibilia naiz, gustokoa dut kirola. Atletismoan, ordea, talde polita sortu zen, eta sekulako giroa genuen gure artean. Taldekide guztiok adin beretsukoak ginen, eta proba antzekoetan aritzen ginen, gainera; entrenatzera, beraz, guztiok batera etortzen ginen. Eta giro horrek bultzatuta, gusturago etortzen da bat entrenamenduetara ere, eta horrek bultza ninduela esango nuke.

Aipatu duzu betidanik gustoko izan duzula kirola. Gerora, ordea, zure ikasketak ere kirolaren esparrura bideratu dituzu. Lagungarria izan al zaizu hori atletismorako?

Bai. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zientzietako lizentziatura ikastera joan nintzen Gasteizera (Araba), eta geldialditxoa egin nuen entrenamenduei dagokienez. Gero, ordea, handik itzuli nintzenean, askoz gusturago entrenatzen hasi nintzen.

Irakasle moduan ere aritzen zara, adibidez, patinajean nahiz atletismoan ere. Nola helarazten zaie haurrei kirolarekiko grina?

Ni adin oso txikiko haurren irakasle izan naiz beti, eta azken finean, helburua ez da haur eta gaztetxoei lehiakortasuna helaraztea. Nire lana eurek gustura aritzea, kirol hori ezagutzea eta jolas batzuk irakastea izaten zen, astean behin egiten genituen saioetan.

Emakume eta gizonen arteko parekidetasuna lortze horretan, nola ikusten duzu zuk egoera?

Tolosan, adibidez, eta atletismoari begiratuz, askoz ere neska gehiago aritzen dira, mutilak baino. Izan daiteke behar bada, mutilek normalean futbolera eta antzekoetara errazago jotzen dutelako ere. Gipuzkoa mailan ere, atletismoan emakumezko gehiago aritzen direla esango nuke. Beraz, gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna badela iruitzen zait. Atletismoan, azken finean, markei begiratzen zaie, eta bakarkako lehia izaten da; ez da taldekako kiroletan bezala. Futbolean adibidez, askotan entzun izan da mutilen arteko lehian abiadura gehiago dagoela, eta abar. Korrika ere argi dago, gizonezkoak askoz ere azkarragoak direla emakumezkoak baino, baina bakarkako kirola izanda,  kronometroari begiratzen zaionez, desberdina iruditzen zait.

Eta lehiaketetako sariei dagokienez?

Ba nik ezagutzen dudanagatik, atletismoan sariak berak izaten dira, gehienetan, emakume nahiz gizonentzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!