Minbiziaren aurkako elkarteak informazio mahaia jarriko du datorren asteazken eta ostegunean
Melanina neurketa doan egin, eta norbera eguzkitan egon daitekeen denbora tartea ezagutu ahal izango du, datorren uztailaren 18an eta 19an, Tolosako Usabal kiroldegian, 10:30etik 13:30era bitarte.
Minbiziaren aurkako elkartearen eskutik, eta eguzkiagandik babesteko kanpainaren barruan, informazio mahaia izango da aipaturiko bi egun horietan, Usabal kiroldegiko igerilekuan. Informazioa eta melanina neurketa eskaintzeaz gain, ordea, smartphone-etarako doako aplikazioa ere jarri dute eskuragarri, batik bat 10 eta 13 urte bitarteko gaztetxoentzat; App Store-n eta Android Market-en lortu ahal izango da.
Aplikazio honetan, eguzki izpiengandik behar bezala babesteko aholkuak ezagutu ahal izango dituzte erabiltzaileek, euskaraz nahiz gazteleraz.
Kontzientziazioaren bila
Minbiziaren aurkako elkarteak oso beharrezkotzat jotzen ditu horrelako egitasmoak, izan ere, herritar asko eguzki izpiez babestearen garrantziaz ez direla konturatzen diote.
Esaterako, eta elkarteko behatokiak egindako zenbait neurketen arabera, 10 urteko gaztetxoen gurasoen %35ak, eguzkiak gehien berotzen duen orduetan bakarrik babesten ditu haurrak. Bide beretik, gurasoen %72ak, Eguzkitik Babesteko Faktore (EBF) bera erabiltzen du familia osoarentzat, haurrentzako faktore berezia erabili beharrean.
Gurasoen arduraz haratago, 16 eta 24 urte bitarteko gazteak dira, elkartearen arabera, eguzkitan ordu gehien pasatzen dituztenak, eta ordu gorenetan gainera. Hauen artean, %38ak onartzen du beti edo noizbehinka erretzen direla eguzkia hartzerakoan.