Tolosako Larramendi auzoko lagun talde batek txerri festa antolatu du hilaren 21erako, larunbata. Ekitaldiaren helburua aurten festak antolatzeko jende multzo bat sortzea eta auzotarren artean egun on bat pasatzea da.
Goizetik hasiko dira prestakizunak. Arrameleko ermitaren ondoko plazan txerria zatituko dute, eta ondoren hasiko dira erretze lanekin.
Bazkaria 14:00ak aldera izango da, eta bertan txorizoa, odolkia, xolomoa, txuletak... dastatu ahalko dira, denak parrillan erreta. Haurrentzako menu berezia izango da, makarroiak haragiekin. Postrea eta edaria (ura, ardoa, sagardoa kupeletik eta presiodun garagardoa) ere izango dira. Bazkariaren ondoren haurrentzako jolasak egingo dituzte.
Izena eman nahi duenak auzoko Amets eta Plan B tabernetan egin behar dute. Horretarako azken eguna hilaren 16a, hau da, datorren astelehena da. Helduek 16 euro ordaindu behar dute eta haurrek 5 euro. Izena ematerakoan ordaindu behar da. 80 pertsona ingururentzat aurreikusi dute bazkaria eta dagoeneko 40 inguruk eman dute izena.